Bizkaiko erresidentzietako langileek gutxieneko zerbitzu gutxiago eta langile gehiago exijitu dituzte

`Greba eskubidea guztiontzat, gutxieneko zerbitzu gutxiago eta langile gehiago ́ lelopean, Bizkaiko erresidentzietako langileek salatu dute Lan Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta patronalek hitzarmena berritzeko negoziazioa blokeatuta mantentzen dutela, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituzten bitartean. Horrela, greba egun batean urteko beste edozein lanegunetan baino langile gehiago dagoela salatu dute, 365 lanegunetan askoz langile gutxiagorekin lan egitera behartzen baitituzte. Azpimarratu dute grebarako eskubidea urratzen duten gutxieneko zerbitzuak ezartzeak ez duela konponduko zaintzen egiturazko arazoa, ezta sektoreko lan baldintzak ere.
Gauzak horrela, Bizkaiko Foru Aldundiari eta patronalei eskatu diete erantzuna eman diezaietela, behingoz, sektoreak dituen arazoei, hala nola, utzi diezaiotela soldatak izozteari; langileak lehen egunetik ordezkatzea; kontratazio mugagabeak eta lanaldi osokoak egitea; berdintasun planak adostea; kontziliazioa hobetzea; lanaldi partzialak ezabatzea; langile gehiago kontratatzea, egunean gutxienez 2 orduko arreta bermatzeko (gaur egun, 60 minutu dira Bizkaian); eta zaintza duina bermatzeko neurriak hartzea.
ELAk gogorarazi du otsailaren 8an sektoreko langileek bigarren greba eguna izango dutela. 11:30ean Arriagatik abiatuko dira Bizkaiko Foru Aldundira, Bilbon, zaintza eredua errotik aldatu dezaten eskatzeko, lan baldintzak hobetu eta langile gehiago kontratatu ditzaten exijitzeko eta eta pertsonak negozioaren gainetik jartzeko aldarrikatzeko.