Bizkaiko Etxeko Langileek bizi duen prekarietatearen aurrean beste alde batera begiratzea leporatu diote Jaurlaritzari

Bizkaiko Etxeko Langileek bizi duen prekarietatearen aurrean beste alde batera begiratzea leporatu diote Jaurlaritzari, Bilbon egindako elkarretaratzean. Izan ere, 2017ko otsailaren 2an, Euskal Legebiltzarrak 9 hilabeteko epea eman zion Gobernuari EAEko etxeko langileen lan-egoerari buruzko ikerketa egiteko. Gogoratu, gainontzeko langileek ez bezala, etxeko langileek ezin dituztela kontziliaziorako Enplegu Sailaren diru-laguntzak jaso; hori dela eta, maiatzaren 11n Legebiltzarrak ebatzi zuen etxeko langileei diru-laguntza horiek emateko bideragarritasuna aztertu behar zela aipatutako ikerketan. Halere, epea beteta, Jaurlaritzak ez du ezer egin, gaurkoan salatu dutenez, ez baitu inongo presarik agerian uzteko etxeko langileak gizarte honen zaintza beharrak asetzen dituztela era prekario eta diskriminatzailean, gainera. Gaurko elkarretaratzean, Lan Ikuskaritzak praktikan inongo kontrolik gauzatzen ez duela salatu dute. Horren aurrean, Osalanek beste alde batera begiratzen duela ere kritikatu dute.