Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko
Langileen manifestazioa, zainketa sektoreetako lankideen babesarekin

Gaurko mobilizazioarekin, langileek salatu dute udalen eta patronalen utzikeria bai lan baldintzekin, bai zerbitzuaren kalitateari begiera. Izan ere, zortzi urte daramatzate hitzarmena berritu gabe, eta administrazio publikoen jarrera gaitzetsi nahi izan dute, diru publikoarekin zerbitzu horien kudeaketa esku pribatuetan uzten baitituzte.
Era berean, Bilboko Udalaren aurrean bukatu denez manifestazioa, udal asko zerbitzuak murrizten ari direla salatu dute, eta lanaldi partzialen ugaritzea onartzeaz gain, lizitazioak enkante huts gisa ere onartu dituzte. Eta are larriagoa dena: onartzen dute sektoreko patronal nagusiak, azken urteetan 1.2 milioi euroko irabaziak izan ondoren, % 3ko soldata igoera soilik eskaintzea langileei, erosteko ahalmenaren galera % 16tik gorakoa denean.
ELZko langileek amaitutzat emango dituzte bihar otsailean deitutako greba egunak, eta gatazka berriro ere udalerrietara hurbilduko dute. Horretarako, bihar, hilak 17, elkarretaratzea egingo dute Santurtziko udaletxearen aurrean, 11:45ean.