Bizkaiko H&M dendatan lanuzteak izango dira larunbatero

2019/01/26
H&M enpresak Max Centerreko bere denda itxiko duela iragarri ostean, Bizkaiko lau dendatako (Max Center, Zubiarte, Ballonti eta Artea) langileek larunbatero mugarik gabeko greba egitea erabaki dute. Urtarrilaren 26tik aurrera izango da.

Urtarrilaren bederatzian H&M taldeak jakinarazi zigun Max Centerreko denda ixteko asmoa zuela; Estatuan urteko lehen seihilekoan beste sei denda ere ixtekotan da, alokairu kontratuak amaitu ahala. Langileak Estatuko beste denda batzutan birkokatzeko plana badago, baina ELAk uste du eskaintza hori kaleratze hutsa dela, mozorrotua izanagatik ere, izan ere, langile gehienak emakumeak baitira, kasu askotan lanaldi murriztua eta lanaldi partziala dutenak.

Bartzelonan gaia aztertzeko izan zen negoziazio-batzordearen eratze bileran ELAk galdegin zuen dosierra lantoki bakoitzean negoziatzea, probintzia bakoitzeko gehiengo sindikala desberdina izanik. Bizkaian enpresa-batzordeak bederatzi kide ditu (ELAko bost, CCOOeko hiru eta LABeko bat). Bilboko Moyua plazako denda itxi zenean lor zitekeen kalteordainik handiena irabazi zen, langileen birkokapena eta laguntza handiak lekualdatzeak egiteko.

ELAk enpresari kargu hartu dio trikimailu baten bidez EREa estatu mailan erabakitzea nahi duelako, Bizkaian nagusi diren sindikatuek duten ordezkaritza askoz txikiagoa baitute; sindikatuaren susmoa da erabaki horren xedea izango dela Moyuako itxieran baino baldintza askoz ere urriagoak iristea.

Grebaren helburuak dira gaur Max Centerren lan egiten duten behargin guztiak (aktibo direnak, baina baita eszedentzia eta baja egoeran daudenak ere...) Bizkaiko beste dendetan birkokatzea, eta lor daitekeen kalteordainik handiena enpresatik alde egitea erabakitzen dutenentzat.