EAEko Auzitegi Nagusiak ELAri arrazoia eman eta baliogabetzat jo ditu IMQko garbitzaileen kaleratze kolektiboa

Martxoaren 1eko datarekin, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du IMQk legeari iruzur eginez eta eskubide-abusu nabarmenarekin kaleratu zituela bertako garbitzaileak urtarrilean, eta baldintza berberetan berriz ere onartzera kondenatu du IMQ; baita kaleratu zituztenetik jaso gabeko soldatak ordaintzera ere.
Era berean, egiaztatuta geratu da langileen urteetako jarduera sindikal eta juridikoaren ondorio izan direla kaleratzeak, eta langile bakoitzari 1.000 euroko kalte ordaina eta ELA sindikatuari 40.000 eurokoa eman beharko die IMQk.
Hortaz, garbitzaileak alde batera uztearen arrazoia oso argia da: oinarrizko eskubideak defendatzen dituen kolektiboa izateagatik kaleratu zituen IMQk. Epaiak jasotzen duenez, garbitzaile kolektiboak sakabanatuta eta zatikatuta egon ohi dira, baina kasu honetan ez da horrela izan: egonkortasuna eta batasuna erakusten duen talde baten aurrean gaude, mobilizazioetara, kontzentrazioetara eta greba mugagabe batera iristeko gaitasuna duena. Agerikoa da ordezkaritza sindikalaren parte hartzea, dioenez, eta horrek guztiak erakusten du langileak aldarrikapenei esker gai izan direla ordainsari hobeak ebazpen judizialakin lortzeko.
Epaiak ere adierazi du IMQk argi eta garbi urratzen dituela langile horien oinarrizko eskubideak, eta askatasun sindikalaren eta grebarako eskubidearen aurka egin duela. Izan ere, IMQko langileek greba hori azaroaren 23an deitu zuten, oso feminizatuta dagoen kolektibo batean soldata arrakala ezabatzeko. Era berean, epaiak zera dio: kaleratze kolektiboak gehienbat kolektibo feminino batengan duela eragina, eta, beraz, sexu diskriminazioa dagoelako ere baliogabetu behar direla kaleratzeak. Hau da, emakume izateagatik kaleratu dituztela ondorioztatu dute epaileek.
ELAren ustez, IMQko zuzendaritzaren jarduera arduragabea izan da, muzin egin baitie ELAk akordio batera iristeko egindako eskakizun ugariei.
ELAk zorionak eman nahi dizkie langileei garaipen handi honengatik, berdintasunaren aldeko borroka gogorraren adibide argia izateagatik eta borrokatzeak merezi duela azpimarratzeagatik. Gora langileen borroka! Gora borroka feminista!