ELA eta LABek arbuiatzen dugu Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen udal ezberdinetarako Udaltzaingoko EPE bateratua

2017/09/15
Eredu honekin ez da gertuko udaltzaingo bat bermatzen, udal autonomiaren aurkako neurria da, udaletan negoziazio kolektiborako eskubidea murrizten da eta ez da udaltzaingoan dagoen enpleguaren egoera prekarioarekin bukatzen. Gaur goizean elkarretaratzea egin da Bilboko udaletxearen aurrean EPE hau (Enplegu Eskaintza Pubikoa) salatzeko.

Eusko Jaurlaritzak udal ezberdinetan udaltzaingoan dauden lanpostuak betetzeko prozesu bat martxan jarri du, non Arkautek udal ezberdinetarako OPE bateratu bat aurrera eramango duen.

- EAEko 12 udal atxikitu dira prozesu honetara eta guztira 72 lanpostu izango dira (Bilbo 25, Getxo 14, Santurtzi 7, Zarautz 6, Arrasate 5, Galdakao 3, Pasaia 3, Zumaia 3, Abadiño 2, Mungia 2, Basauri 1, Arrigorriaga 1)

- Udalek beraien EPEak onartu dituzte eta gero, hitzarmena sinatu eta publikatu dute Arkauterekin, prozesu hau beraiek aurrera eraman ahal izateko.

ELA eta LABek berriz ere azpimarratu nahi dugu, enplegua eta EPEak udalen konpetentzia direla eta zentzu hontan egin nahi den edozein aldaketa, udal bakoitzeko langileen ordezkariekin negoziatua izan behar dela.

Prozesu bateratura atxikitu diren udaletan ez da negoziaziorik egon plaza hauek EPE bateratura sartzeko. Bilboko kasuan, adibidez, udalak, langileen ordezkarien %70 baino gehiagoren aurkako bozkarekin hartu du erabakia. Ez udaltzainekin ezta langileen ordezkariekin adostu gabe hartu dute erabakia. Ordezkarioi komunikatu zigutenean, jada erabakia hartuta zegoen eta ez zegoen atzera bueltarik.

Gogorarazi nahi dugu, gaur egun, EAEko Udaltzaingoan %30etik gorako behin behinekotasun tasa dagoela, erreferentziazkoa den UDALHITZ lan hitzarmenak behin behinekotasun hori %6ra mugatzen duen arren. Udal guztiei exijitzen diegu, beraien udaletan, langileen egonkortze prozesuak martxan jarri ditzaztela. Eredu honekin, egonkortasun hau ez da inondik inora ere lortzen.

Eredu honekin, prozesua batzen da baina baita udaltzaingo ezberdinak batu eta uniformizatu ere. Eta hau, defendatzen dugun polizia ereduaren aurka doa. Herritarrentzako gertukoa den udaltzaingo bat defendatzen dugu eta horretarako ezinbestekoa da udal bakoitzaren berezitasunak kontutan hartzea (Euskera perfilak, udalaren ezagutza, udal ordenantzen ezagutza…).

Udaltzaingoko EPE bateratu hau lehen pausua da, baina honek benetan Eusko Jaurlaritzaren eta udal batzuen ezkutuko intentzioak azaleratzen ditu. Zentralizazioa, baita prozesu selektiboetan ere eta udaletan negoziazio kolektiborako eskubidearen urraketa.

ELA eta LABek udalei exijitzen diegu, konpetantzia propioen alde eta udal autonomiaren alde, gertuko udaltzaingo baten alde, kalitatezko zerbitzu publikoen eta enplegu duinaren defentsan, enplegua egonkortu dezatela eta beraien udalek eta herritarrek dauzkaten beharretara egokitutako prozesuak martxan jarri ditzaztela.