Arrazakeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna

ELAk bat egingo du martxoaren 21erako Bilbon deitutako manifestazio antiarrazistarekin

2025/03/20
Arrazakeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko #M21 Arrazakeriaren Aurkako Batzarrak manifestazioa deitu du `Arrazakeria ez da eztabaidatzen, borrokatzen da - Ordena Kolonialari sua!´ lelopean. ELAk bat egingo du Bilboko Jesusen Bihotzetik aterako den manifestazioarekin. Mobilizazioak Gran Vía zeharkatuko du udaletxera iritsi arte.

Batzarraren ohar bateratua:

Arrakeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, #M21 Arrazakeriaren Aurkako Batzarretik manifestazio batera deitzen dugu, honako leloarekin: "Arrazakeria ez da eztabaidatzen, borrokatzen da - Ordena Kolonialari sua!, Jesusen Bihotzetik aterako da, Gran Vía zeharkatuz udaletxera iritsi arte.

Bilboko pertsona migratzaile eta arrazializatuok manifestu bat eraiki dugu elkarrekin, gure ildo politikoak islatzen dituena. Ildo politiko horiek euskal alderdi politikoek entzun eta kontuan har ditzaten eskatzen dugu, gaur egun oraindik egin beharra dagoelako lurralde honetan bizi garen pertsona guztiok gure oinarrizko eskubideak bermatzeko lana.

Instituzioak eta euskal gizartea zeharkatzen dituen arrazakeriak historia kolonial batean du sustraia, eta oraindik ez dute historia hori onartzen jakin. Horregatik, aurten iragan esklabista eta koloniala berrikustea exijitu nahi dugu, behingoz egungo sistema supremazistaren egituraketan eta sostenguan izan duten zereginaren erantzule egin daitezen.

Gaur egun, mugimendu sozialetatik "faxismoaren aurrerapenaz" hitz egiten dela ikusten dugu, eta pertsona arrazializatuok geure buruari galdetzen diogu: Akaso ez gara gu indarkeria arrazista eta kolonialaren, eta, beraz, faxistaren, mende egon denbora honetan guztian?

Erroldarik gabe ez dago eskubiderik, administrazio-egoera erregularrik gabe ez dago eskubiderik, migrazioari eta Migrazio eta asilorako itun Europarrak ziurtatzen du INOIZ ez dugula bizitza duinik lortuko. FRONTEXek, euskal armamentu-enpresek eta Europako estatuetako nekropolitikek egunero jazartzen gaituzte, lan-esplotaziora kondenatzen gaituzte eta zuriak ez diren gorputzak hiltzen dituzte.

Merkantzien zirkulazio askea lehenesten den baina pertsonen zirkulazio askea kriminalizatzen den mundu honetan ezin dugu isilik jarraitu. Euskal enpresek espoliatzen eta desplazatzen dute, horregatik iritsi gara hona, haien transnazionalak beti daudelako iritsi garen leku horietan guztietan.

Aukera hau aprobetxatu nahi dugu genozidio kolonialak salatzeko, Palestinako genozidioa, Sudanekoa, Kongokoa, Mendebaldeko Sahararen okupazioa, Haitiko etengabeko ezegonkortasuna, amazonakoa eta wallmapukoa, Sahel eskualdeko gatazkaren hedapena, baita hegoalde osoan ematen diren buruzagitza komunitarioen hilketak ere, modu kontziente eta sistematikoan hego globaleko lurraldeetan egindako gainerako indarkeria-ekintzekin batera.

Gure utopia bere sistema esklabista eta kolonialarekin amaitzea da eta izango da. Gure herrien askatasunaren eta autodeterminazioaren alde. Ordena kolonialari sua!

Irakurri ohar bateratua