ELAk Bilboko Udaltzaingoaren probetan egon daitezkeen irregulartasunei buruzko ebazpena eskatu dio Fiskaltzari

2022/05/04
ELAk salaketa aurkeztu zuen martxoaren 10ean Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusian, Udaltzaingoan 20 ofizialorde plaza esleitzeko prozesuan gerta zitezkeen irregulartasun oso larriak izan zitezkeela ohartaraziz. Salaketa-idazkian, ELAk jakinarazi zuen, besteak beste, oposiziogileen identitateak Arkautin zaintzen ari zirela, Bilboko Udalean gordetzearen ordez (prozesuak eskatzen duen bezala). Erabaki horrek, beste batzuekin batera, identitate horien konfidentzialtasuna ezin ziurtatzea eragin zuen. Hori dela eta, ELAk Fiskaltzari gertatutakoa argitzeko beharrezko ikerketak egiteko eskatu zion.

Aste batzuk ondoren, ikerketa batzordearen txostenak -ELAk eskatu eta Bilboko Udalak abian jarritakoak- aitortu du ezin izan dela zaintza hori egiaztatu, udal bulegoetatik kanpo dagoelako, Arkautin hain justu, ELAk Fiskaltzan salatu zuen bezala. Batzorde horrek ere bost gomendio erantsi ditu, besteak beste, horrelako prozesuetan interes-gatazkak saihestea.

ELAk berretsi du prozesu honen helburua gertatutakoa eta irregulartasunak argitzea dela.