HOTEL INDAUTXU (Bilbo)

ELAk greba deitu du gelen garbiketa zerbitzua kanporatzeko arriskua dagoelako

ELAk greba deitu du gelen garbiketa zerbitzua kanporatzeko arriskua dagoelako
Hasieran, establezimendua erosi duen enpresak, Hotusak, langile guztiak subrogatu zituen. orain, ordea, zerbitzua kanportazeko asmoa duela iragarri du. Hark ere adierazi du gainerako sailen egoera aztertuko duela, beraz, etorkizunean murrizketa gehiago egon daitezke.

ELAk hiru greba egun deitu ditu -urriaren 29an eta azaroaren 5ean eta 6an- Bilboko Hotel Indautxun. Izan ere, Hotusa enpresak, jabe berriak, jakinarazi du gelak garbitzeko zerbitzua kanpora ateratzeko asmoa duela, nahiz eta hasieran langile guztiak subrogatu zituen establezimendua erosi ondoren. Gainerako sailetan aldaketak egitea ere ez du baztertzen. Greba egunez gain, ELAk elkarretaratzeak deitu ditu hotelaren aurrean urriaren 29an, 10:00etan, eta arratsaldean, 16:00etan.

Langileak, gehienak emakumeak eta etorkinak, dira hotelaren eguneroko funtzionamenduari eusten diotenak, baina askotan ikusezinenak dira, ELAk deitoratu duenez.

Sindikatuak salatu du zerbitzua kanporatzen bada, utziko diotela hoteleko langile zuzen izateari. Horrek arriskuan jarriko luke talde bezala antolatzeko eta euren burua defendatzeko gaitasuna. "Erabaki hori emakumeen lan baldintzen aurkako eraso zuzena da; izan ere, nabarmen galduko dituzte eskubideak, soldatak eta egonkortasuna", diote.

ELAk baztertu egin du prekarizazioan oinarritutako kudeaketa eredu hori, eta Hotusari exijitu dio langile guztiak baldintza duinetan eta kanporatzerik gabe mantentzeko. "Turismoak milioi askoko irabaziak sortzen dituen testuinguru honetan, onartezina da hoteletako zerbitzuaren oinarriari eusten diotenek prekaritate eta babesgabetasun baldintzetan lan egitea", azpimarratu du sindikatuak.

Gaineratu duenez, zerbitzua externalizatzea ez da kasu isolatu bat, baizik eta hotelen sektorean hazten ari den joera baten isla. "Eraginkortasun ekonomikoaren aitzakiarekin, kolektibo baten genero desberdintasuna eta esplotazioan sakontzen ari dira”.