ELAk Bizkaiko bulegoetan greba mugagabea egitea eskatuko du

2018/10/05
ELAk gogoratu du Bizkaiko Bulegoetako lan-hitzarmena 2012tik hona geldirik dagoela, berritu gabe. CEBEKek lan erreformak baliatu zituen hitzarmena hilda zegoela erabakitzeko.

Aspaldi honetan ELA lanean ari da sektoreko langileek egoeraren kontzientzia hartu dezaten eta lan-baldintzak hobetzeko borroka egin dezaten. Sektore gero eta prekarioagoa honetan Bizkaian 23.000 lagunek egiten dute lan. Lan-baldintzak gero eta okerragoak dira. Zenbait beharginek 2012tik aurrera baldintzak izoztuta dituzte, eta lanean hasten direnei kasu batzutan estatuko hitzarmenak aplikatzen dizkiete. Gaur sektorearen zati handi bat enpresa handientzat azpikontratatuta eta modu prekarioan ari da lanean.

Egoera honetan azken urteotan sektorea mugitzen hasi da; langileekin egindako kontzientziatze lanak fruitua eman du. Sektore honetan ez zegoen tradizio sindikalik, baina azken aldion hainbat greba eta manifestazio handi ikusi dira.

Badirudi honek CEBEKi ez diola bat ere axola. Ia bi urtez batzarrak egin ostean mahaia blokeatuta dago. Patronalaren jarrera iraingarria da: negoziatzen jarraitzeko egungo baldintzak murriztea onartu behar da. Haatik, horri men eginez gero -gutxieneko bermea eta antzinatasuna moztuz- enplegua are prekarioagoa litzateke. CEBEKi boxt axola dio sufritzen ari garen prekarizazio eta estatalizazio prozesua; are okerrago dena, hitzarmenaz baliatu nahi du hori areagotzeko. Blokeoa erabatekoa da: ez dago negoziazio-mahaia berriro biltzeko hitzordurik.

Uneotan enpresak etekin handiak ari dira lortzen, eta CEBEKen jokabidea guztiz arduragabea da.

Horregatik, ELAk uste du urte amaiera aurretik greba mugagabea izan daitekeela irtenbide bakarra, patronala mugitzen ez bada. CEBEKek negoziazioaren blokeoa mantentzen badu grebak sektoreko enpresei ez ezik hemengo enpresa handiei ere eragingo die, azpikontratatuta gauzkaten heinean.