OSAKIDETZA

ELAk kontzentrazioa egin du Bilboko Areilzako Etengabeko Arretako Gunea itxi nahi dutela salatzeko

2024/01/18
ELAk salatu du Deustuko Etengabeko Arretako Gunea (EAG) itxi ondoren, Osakidetzak orain beste bat itxi nahi duela Bilbon, zehazki, Areilza doktorearen EAG, asteburuetan 09:00etatik 24:00etara premiazko osasun arreta ematen duena. Osasun zentroak murrizketak izan ditu azken hilabeteetan, eta ELAk "ezkutuko itxiera" dela esan du. Izan ere, abenduan Areilzako EAGk ez zuen hainbat asteburutan ireki, eta urtarrilerako Osakidetzak langileei jakinarazi zien asteburuetan ez zutela irekiko. Azaroan, Osakidetzak sindikatuei jakinarazi zien Gabonetan murrizketak egingo zituela osasun zentroetan eta Etengabeko Arretako Guneetan, baina ez zen inolako aldaketarik jakinarazi Areilza doktorearen EAGri dagokionez; praktikan, ordea, itxi nahi zuten. Osasun zentroaren aurrean egindako elkarretaratzean, sindikatuak salatu du Osakidetza Bilboko osasun baliabideak pixkanaka murriztu nahian dabilela. Egoera horren aurrean, Etengabeko Arretako Guneetan egiturazko neurriak hartzeko eta orain arte egindako murrizketa guztiak lehengoratzeko eskatu du.

"Murrizketa hori Osakidetza ezartzen ari den murrizketa zerrenda luzeari gehitu behar zaio. Kasu honetan, Bilboko biztanleek osasun baliabide bat gutxiago izateaz gain, Basurtuko Ospitaleko larrialdiak are gehiago beteko ditu, ospitale horretan giza baliabide gehiago eskaini gabe. Horrek langileen lan baldintzak nabarmen okertuko ditu ", salatu du sindikatuak.