ARTXANDAKO FUNIKULARRA

ELAk salatu du zuzendaritzak bajen jarraipena egiteko enpresa pribatu bat kontratatu duela

2024/09/06
Bilboko Artxandako Funikularreko zuzendaritzak langileei jakinarazi die enpresa pribatu bat kontratatu duela bajen jarraipena egiteko. QReady enpresa da, Quiron osasun talde pribatuarekin lotura duena, hain zuzen ere. Gogora dezagun gaixotasun arrunten bajak Osakidetzak kudeatzen dituela. Hala ere, zuzendaritzak egindako kontratazio berri horrekin, enpresa berriak ere baja horien jarraipena egingo du. Gauzak horrela, bajan dagoen pertsona kontrolatu ahal izango du eta baita hura zigortu ere, Osakidetzak baja baimendu badu ere.

ELArentzat “oso larria” da enpresa publiko baten zuzendaritzak (kasu honetan, Bilboko Udalaren menpe dagoena) ezaugarri horiek dituen enpresa pribatu bat kontratatzea. Sindikatuaren ustez, Artxandako Funikularraren lehentasuna 30 bat langileren lan osasunaren prebentzioa hobetzea izan beharko litzateke, bereziki zerbitzuaren maiztasuna areagotzea erabaki ondoren. Izan ere, horrek eragin du langileek lan karga eta presio gero eta handiagoa pairatzea. “Enpresak ez ditu bajan dauden langileak jazarri behar, baizik eta jarri beharreko baliabideak jarri baja gehiago egon ez daitezen”, dio ELAk.

Era berean, ELAk salatu du neurri hori langileen legezko ordezkaritza kontuan hartu gabe hartu eta jakinarazi dutela.