ETXEBIZITZARAKO ESKUBIDEA
Etxe bat izatea eskubidea izan beharrean luxua bilakatu dela salatu dute Bilbon
Alokairuari dagokionez, arrazismoa ere salatu dute, azaldu duten bezala, arraza eta jatorriagatik diskriminatuak izateak alokairua eskuratzeko aukerak baldintzatzen dituelako.
Salatu dute, gainera, turismoak "muturrera" eraman duela prezioen igoera. Hala, espekulatzaileak eta funtsak eraikinak erosten ari direla esan dute, bizilagunak hotelekin eta pisu turistikoekin ordezkatzeko. Datuak eman dituzte: Bilbok 87 hotel eta 25 apartamentu turistiko ditu. Erregistratutako pisu turistikoak 1859 dira. Horrek guztiak, salatu dutenez, bizilagunak zentrotik kanporatzea eragiten du. Datu gehiago eman dituzte: 9141 etxebizitza huts daude Bilbon, baina 2.000 pertsona inguru etxerik gabe daude Bizkaian, eta etxegabetzeek ez dute etenik. Gainera, ez da bermatzen erroldatzeko eskubidea, oinarrizko beste eskubide batzuk eskuratzeko ezinbesteko elementua baita.
Amaitzeko, erakundeen, Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren jarrera salatu dute; izan ere, gazteei dirulaguntzak eman arren, etxebizitzari buruzko azken dekretuak etxebizitza eskuratzeko dirulaguntzen murrizketa handia ekarri du, ez dute benetako neurririk hartzen alokairuen prezioak mugatzeko, eta etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxeetako plazak ez dira nahikoak.
Hori horrela, alokairuko parke publikoa nabarmen handitzea eta etxebizitzak etengabe eraikitzeari uztea eskatu dute. "Bilbo tentsiopeko eremu izendatzea ezinbestekoa da", esan dute.