Euskalduna Jauregiak greba mugagabean diren langileak ordezkatu ditu grebak eraginik izan ez dezan

Goizeko lehen orduan abiatu dira Eulen enpresaren bitartez Euskalduna Jauregian azpikontratuta dauden langileak euren lehen greba egunean protesta egitera. Bertaratzean konturatu dira, ordea, euren grebarako eskubidea errespetatu ez, eta Euskalduna Jauregiak euren lanpostuak ordezkatu dituela plantillako langileekin. Ohiko plantillako langileei atzo bidali zieten mezua posta elektroniko bidez, gaur lanera joan behar zutela jakinarazteko, horietako asko opor eguna zutela jakinda ere.
Gogoratu, Euskalduna Jauregiak Eulen enpresaren bitartez 45 langile dituela kontratatuta, Jauregian plantillan dauden eta lan bera egiten duten langileen funtzio berdinak dituztenak, betiere, lan-baldintza kaxkarragoetan. Bada, gaur, euren lan-baldintzak duintzeko asmoz greba mugagabeari ekin dioten lehen egunean, konturatu dira Euskaldunak bere plantillan dauden langileei deitu diela greban dauden langileak ordezkatzeko, betiere, grebak ohiko programazioan eraginik izan ez dezan, eta, hortaz, grebaren eragina txikitzeko.
Horren berri izan eta bereala, ELA sindikatuko ordezkariek Lan Ikuskaritzara deitu dute egoera salatzeko. Bilera adostu dute datorren asterako.