Eusko Jaurlaritzak Deustuko Etengabeko Arreta Gunea funtsezko zerbitzua dela dio orain, greban % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta Esk sindikatuek martxoaren 18rako Deustuko NUPen (Bilbo) deitu duten greba egunerako % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak, bere aurreko irizpidearekin kontraesanean. Izan ere, Deustuko NUPen gaueko arreta presentziala kentzea erabaki zuen Osakidetzak, hain zuzen, zerbitzu hori funtsezkoa ez zela argudiatuta. Bada, orain, grebaren atarian, Eusko Jaurlaritzak guztiz kontrako argudioa erabili du gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko (% 100). "Grebarako eskubide legitimoa ezabatzek asmoz, Lan Sailak kontrako argudioa erabili du, hau da, badela funtsezko zerbitzua eta, hortaz, gutxieneko zerbitzuak ezarri behar direla greban. Urteko gau guztietarako balio duenak ez du, antza, greba egun baterako balio", salatu dute sindikatuek.
Gaineratu dutenez, aginduan akats bat badago: Deustuko EAGko zerbitzua aurrez aurreko modalitatean ematen dela dio, 24 orduz bertaratzen diren pazienteentzat, baina, egia esan, 2021eko otsailaren 1etik aurrera, laguntza-modalitate hori jada ez da ematen 00:00etatik 08:00etara.
Sindikatuek Osakidetzari eskatu diote atzera bota dezala Deustuko NUPen aplikatutako murrizketa, eta aurreko ordutegia eta zerbitzua berreskuratzea, pandemia betean herritarrei eskaintzeari utzi baitio. Beste behin ere, oinarrizko zerbitzuetan murrizketak egiteko politikak egiten direla salatu dute.