Greba egun gehiago Bilbo Kirolak taldearentzako lan egiten duen Guedan Servicios Deportivosen
ELAk greba deialdi berria egin du, apirilaren 5etik 18ra, Guedan Servicios Deportivos S.A. enpresan, Bilbao Kirolak-eko kiroldegiei zerbitzua ematen dien azpikontrata, Bizkaiko eraikin eta lokalen garbikuntzaren hitzarmeneko ofizial kategorian lan egiten duten 34 laguntzaileen baldintzak hobetzeko. Langileek beren aldarrikapenak udal pleguetan jasotzeko eskatu dute, publiko egitear baitaude, eta zerbitzu honen hurrengo lizitazio publikoaren baldintzak jasoko baitituzte. Aldarrikapen nagusiak hauek dira: soldata arrakala ezabatzea, baja osagarriak, partzialtasun blindajea, lizentziak eta lanpostu hutsak betetzea. Greba egunetan mobilizazioak egingo dira kiroldegietan, udaletxe aurrean, baita Bilbao Kirolak eta Guedan egoitzetan ere.
Martxoan, langileek astebeteko greba egin zuten, eta bilera bat eskatu zieten Guedan eta Bilbao Kirolakeko arduradunei. Hala ere, ez zuten erantzunik jaso, beraz, beste greba aldi bat deitu behar izan dute. Gainera, martxoko greban, Guedanek eta Bilbao Kirolakek borrokaren eragina minimizatzen saiatu ziren, plantilla ordezkatuz. Grebarako eskubidearen urraketa hori lan agintaritzari jakinarazi zaio. Langileek 15 eta 30 urte bitarteko antzinatasuna dute, baina lan baldintza kaskarrak dituzte.
Hauek dira aldarrikapen nagusiak:
- Bajen osagarriak: soldatak osatuta izatea, gertakari arruntengatik zein profesionalengatik bajak gertatuz gero, % 100ean.
- Partzialtasuna blindatzea: lanaldi partzialak blindatuta edukitzea, lan baldintzen funtsezko aldaketen aurrean.
- Lizentziak: lehen mailako senideak mediku espezialistara edo etxeko medikuarengana laguntzea. Eta norberaren aukerako hiru egun, horietako bat ordaindua izanik.
- Lanpostu hutsak betetzea: enpresak lanpostu hutsak bete beharko ditu, aldi baterakoak edo mugagabeak izan. Lanpostu horiek betetzeko lehentasuna izango dute mugagabe diren lanaldi partzialeko langileek edo eraikinak eta lokalak garbitzeko hitzarmenari atxikitako behin-behineko langileek. Lanpostua esleitzeko kontuan hartu beharreko irizpidea zerbitzuko antzinatasun data da.