Greba hasi dute logelak garbitzeko zerbitzua kanpora ateratzearen aurka
ELAk deituta greba hasi da Indautxu Hotelean (Bilbo), Hotusa enpresak (jabe berria) logelen garbiketa zerbitzua kanpora ateratzea erabaki duelako, nahiz eta hasiera batean langile guztiak subrogatu zituen establezimendua erosi ondoren. Hurrengo greba egunak azaroaren 6, 12 eta 13a izango dira. Egun horietan, langileek elkarretaratzea egingo dute hotelaren aurrean.
ELAk salatu du erabaki hori langileen lan baldintzen aurkako eraso zuzena dela, kanpora ateratzeak dakarrelako eskubideak, soldatak eta egonkortasuna nabarmen galtzea. Gauzak horrela, baztertu egin du prekarizazioan oinarritutako kudeaketa-eredu hori, eta langile guztiak baldintza duinetan eta kanporatzerik gabe mantentzeko eskatu dio Orliena Hotelsi.
Sindikatuaren esanetan, Hotel Indautxun gertatu dena ez da kasu isolatu bat, baizik eta hotelen sektorean hazten ari den joera baten isla. Azken urteotan joera hori sendotu egin da hotelen sektorean, Eurostars (Hotusa eta Orliena Hotels S.L.) bezalako enpresa talde handiek bultzatuta. "Praktika horrek, eraginkortasun ekonomikoaren aitzakian, genero desberdintasuna, esplotazioa eta funtsezko kolektibo baten ikusezintasuna betikotzen ditu", salatu du ELAk.
"Zerbitzua kanpora ateratzeak aukera ematen die kateei beren plantillaren zati handi batekin duten zuzeneko lan harremanetik bereizteko", deitoratu du, eta horrek bi ondorio dituela gaineratu du: batetik, enpresa batzordeak desagertzea edo ahultzea, kanporatutako langileak ez baitira hoteleko plantillakoak; bestetik, klaseko sindikatuek negoziatzeko gaitasuna galtzea probintziako hitzarmenetako negoziazio mahaietan, beren ordezkaritza oinarria murrizteagatik.
ELAk nabarmendu du zerbitzu horrek garrantzia estrategikoa duela hoteletan. Izan ere, gelak garbitu ezean, ez dago zerbitzua eskaintzerik. Horregatik, azpimarratu du bere indar kolektiboa erabakigarria dela lan baldintza duinak defendatzeko.
Halere, dio ELAk, langileak zerbitzu anitzetako enpresatan sakabanatzen dituztenean, hotel kateek indarra kentzen diete sindikatuei. Izan ere, langileak sakabanatuta badaude zailagoa da langileak antolatzea eta enpresari presioa egitea.
skoko irabaziak sortzen dituen testuinguru honetan, sindikatuaren ustez "onartezina" da hotelaren zutabe diren langileek prekaritate- eta babesgabetasun-baldintzetan lan egitea.