Inditex-eko langileek performancea egin dute Bilboko Kale Nagusian, digitalizazioak iragarritako kaleratzeen aurka

2020/12/22
Inditex taldeko Bizkaiko ELAko ordezkariek performance bat egin dute goizean zehar Bilboko Kale Nagusian. Langileek desfile bat egin dute, eta, ondoren, langileen enpleguak eta lan-baldintzak zozketatu dituzte, gaur egingo den Gabonetako loteriaren zozketaren parodia eginez.

Helburua argia da: iritzi publikoari jakinaraztea Inditex taldeak digitalizazio-planaren baitan dendak ixteko dituen planak, bai eta plan horiek enpleguan eta langileen lan-baldintzetan dituzten ondorioak ere. Madrilen zuzendaritzaren eta Estatuko sindikatuen artean egiten ari diren negoziazioen gardentasun falta ere salatu dute.

Inditexek emandako informazioaren arabera, Hego Euskal Herrian, eraldaketak, lehen fase honetan, 20 denda ixtea eragingo du eta horrek enplegua suntsituko du.

Gaur egun, Inditexek ez du bermatzen baldintza berberetan lan egiteko eskubidea, eta ez du baztertzen bere langile asko (gehienak emakumeak dira) bizilekuz aldatzera behartzea, bai behintzat, euren lanpostua mantendu nahi badute.

Egoera are kezkagarriagoa da, kontuan hartuta ez dela egoera ekonomiko zail baten ondorioz hartutako erabakia, enpresak berak onartu duenez. Taldeko enpresek irabaziak pilatu dituzte, baita 2020an ere, hau da, urte zailean ere.