Jarraipen zabala izan du Bizkaiko merkataritza orokorraren, ehungintzaren eta larrugintza zein oinetakoen grebak

2022/04/29
ELAk eta LABek Bizkaiko merkataritza orokorrean, ehungintzan eta larrugintza zein oinetakoen sektorean deitutako lehen greba egunak jarraipen zabala izan du. Goizean goiz pikete taldeak Bilboko Kale Nagusiko eta Indautxuko denda nagusietan ibili dira. Ondoren, eguerdiko 12etan, ehunka langilek manifestazioa egin dute Bilboko Arriaga plazatik Cebek patronalaren egoitzaraino. Maiatzaren 6an eta 13an greba egun gehiago deitu dituzte.

Aurtengo urtarriletik hona, hiru sektore horietako langileak mobilizatu egin dira patronalaren immobilismoaren aurrean, hitzarmenaren negoziazioan, eta negoziazio-mahaietan elementu erregresiboak planteatzera ere iritsi dira.

ELAk eta LABek espero dute gaurko grebaren arrakastak patronalak bere jarrera berraztertzeko eta negoziazio-mahaiei berriro ekiteko balio izatea, sektoreko langileek dituzten benetako arazoak konpontzeko eduki serioak txertatuz.

Bi sindikatuek uste dute mobilizatzeko gaitasuna erabakigarria izango dela edukiak dituzten hitzarmenak lortzeko, eta, horregatik, dei egiten diete ehungintza, larrugintza eta oinetakoen sektoreko eta sektore orokorreko langile guztiei maiatzaren 6rako eta 13rako deitutako greba egunekin berriro bat egin dezaten.