ELECNOR DISTRIBUCIÓN

Langileek greba mugagabean jarraitzen dute

2024/03/05
Martxoaren 5a bederatzigarren greba eguna da ELECNOR enpresan, banaketa sailean. Bertan lan egiten duten langileek, beste gauza batzuen artean, Iberdola enpresako mantentze lanak egiten dituzte. Greba honek agerian uzten du enpresak langileekiko duen axolagabekeria; greba enpresaren nagusikeriaren, harrokeriaren eta diruzalekeriaren ondorio da.

ELECNOR enpresak guardiak arautzen zituen akordioa alde batera utzi du, eta horrek, kasu batzuetan, eragin du langile batzuek 10 aste jarraian metatu izan dituztela guardian, lan karga handiengatik eta langile faltagatik. ELAko atal sindikalak 2019an salaketa bat jarri zuen Lan eta Enplegu Sailean, aparteko orduen gehiegizko erabileragatik. Halaber, salatu izan zuen ere enpresak uko egiten ziola orduen erregistroa komiteari emateari.

Lanaldien planifikazio ezak eta arduradun batzuen presio eta portaera txarrak greba mugagabe bat deitzera eraman dute plantilla. Gertaera hauek Enpresa Batzordeak askotan salatu izan ditu, baina ELECNOR enpresako zuzendaritzak ez dio garrantzirik eman.

ELECNORek 110,1 milioi eurotako irabaziak izan zituen 2023an, baina plantillaren lan baldintzak prekarizatzen jarraitzen du. Langileek borrokan jarraituko dute, negoziaziorik ez dagoen bitartean, jasaten dituzten presio eta prekarietatearekin amaitzeko.