Langileen legez kanpoko lagatzea Bilboko Udalean

2019/05/14
Langileen legez kanpoko lagapena egiten du Bilboko Udalak. Hala ebatzi du Eusko Jaurlaritzako Lan ikuskaritzak, CIMUBISAn, Deusto Sistemas enpresa azpikontratatuan lan egiten duten langileen egoera aztertzerakoan. Bilboko Udalak, ordea, entzungor egiten dio Lan Ikuskaritzako erresoluzioari.

CIMUBISA %100ean Bilboko Udalarena den enpresa publiko bat da eta udaleko ordenagailuen eta programen mantenua eta hobekuntzaz arduratzen da. Enpresa publikoa izanda ere, erabiltzaileen arreta zerbitzuak 20 urte daramatza azpikontratatuta. Zazpi langilek eskaintzen dute zerbitzu hori; bost finkoak dira, bi aldi baterako langileak.

Udalak estatuko kontsultorien hitzarmena aplikatzen die langile hauei. Bizkaiko eremuko lan hitzarmenak baino askoz prekarioagoa da aplikatzen zaien hitzarmena, baita udaleko hitzarmena baino askoz okerragoa ere.

Soldata handiena jasotzen duen langileak doi doi kobratzen ditu 1.000 euro hilean, 20 urteko aintzinatasuna izanda ere. Gainera, urtean 1.800 lanordu egin behar dituzte beharginek. Udalaren plegoek ere erabat baldintzatzen dituzte lanpostu hauek.

2018ko udan ELAk Lan ikuskaritzan salatu zuen egoera, langileen legez kanpoko lagapen zantzuak atzeman zituelako.

Bada, orain Lan Ikuskaritzak ELAk salatutakoa berretsi du: langile hauen lanpostuak estrukturalak dira CIMUBISAn, bai enpresaren lan motagatik, bai zerbitzua ematen den tokiagatik, bai langileen funtzioengatik, zein zerbitzuaren antolakuntza eta zuzendaritzagatik. Ondorioa argia izan da: langileen legez kanpoko lagapena dago. Hortaz, CIMUBISAri eta Deusto Sistemasi ere, arau hauste oso larridun espedientea zabaldu die.

Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren aurrean, udalak erresoluzioa bere egin eta langileak CIMUBISAN enpresaren egituran sartu beharko lituzke.

Udalak, ordea, oldartu eta erresoluzioa ez betetzea erabaki du, langile hauen erabateko prekarietatearen aldeko apustua berretsiz; hau guztia, erabat egoera irregularra jakinda. Jarrera hau erabat ulertezina da propagandan kalitatezko enpleguaren alde egiten duela esaten duen instituzio baten aldetik. Argi geratu da enplegu prekario eta ezegonkorren aldeko apustua egiten duela praktikan Udalak.

ELAk prekarietatearen aurkako borrokan jarraituko du; baita udalaren jarreraren aurka borrokan ere, bere esku dituen bide guztiak jorratuz: juridikoak, sindikalak, behar dena langileen defentsan. Udalari hausnartzea exijitzen diogu eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egin dezala.