Larrialdietako eta Erreskateko Udal Anbulantzien–Bilbao Samur zerbitzua ixtearen aurkako mobilizazioa

Udal zerbitzuetako erabiltzaileek tradizioz hobeto baloratzen duten funtsezko zerbitzu publikoa ixteko proposamena ulertezina da Bilboko herritarrentzat, Udaleko langileentzat eta, bereziki, Udaltzaingoarentzat eta Bilboko suhiltzaileentzat. Inbertsiorik onena osasunean inbertitzea da, eta baztertu egin behar dira langileen eta herritarren osasunarekin negozioa egiteko ideiak.
Bilboko Udaleko Langileen Batzordeak uste du itxiera proposamena onartezina dela, eta uko egiten dio herritarren osasunarekin, segurtasunarekin eta babesarekin lotutako funtsezko zerbitzu publiko guztiak ixteari, hala nola Larrialdietako eta Erreskateko Udal Anbulantzien–Bilbao Samur zerbitzua. Hori dela eta, ohar bat argitaratu du bi helbururekin:
- Eskerrak eman EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularrari giza baliabide eta baliabide material berriak hobetzeko eta inbertitzeko eman duten laguntzagatik eta egin dituzten ekarpenengatik, eta Bilboko herritarren interesak osasunarekin negozioa egiteko ideien gainetik jartzeagatik; publikoa dena defendatzeagatik eta azpikontratazioa eta oinarrizko zerbitzu publikoen pribatizazioa arbuiatzeagatik. Langileen Batzordeak nahi du, orain arte egin duen bezala, Alfonso Gil PSEko bozeramaileak bere babesa ematen jarraitzea Larrialdietako eta Erreskateko Udal Anbulantzien Bilbao Samurri, gaiaren inguruko iritzia ematea eta orain arteko esandakoari bizkarra ez ematea.
- Juan Mari Aburto alkateari (EAJ) eta Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko zinegotziari eskatzea funtsezko zerbitzu publiko bat ixtearen ideia alde batera uzteko, Larrialdietako eta Erreskateko Udal Anbulantzien–Bilbao Samurri bere jarduera garatzeko behar dituen giza baliabide, baliabide material eta mugikor guztiak emateko, eta Larrialdietako eta Erreskate Udal Anbulantzien Zerbitzurako plan integral bat egiteko, Bilboko gizarte aurreratuak eskariei erantzun ahal izateko.
EAJk, alkatea buru dela, alde bakarrez eta gainerako talde politikoen babes eta adostasunik gabe, langileen eta haien ordezkarien erabateko gaitzespenarekin, herritarren interesei eraso die berriz ere, Larrialdietako eta Erreskateko Udal Anbulantzien–Bilbao Samur ixteko asmoz. Zerbitzu hori da, hain zuzen ere, Bilboko udal-mugartean esklusiboki jarduten duen osasun-larrialdi profesional eta titulartasun publikoko zerbitzu bakarra.