Maiatzaren 30ean, beste greba egun bat Bizkaiko zahar-etxeetan

ELAk azpimarratu du egoera hori ez dela kasualitatea: GESCA, LARES, ELBE eta Bizkaiko Foru Aldundiak jakin badakite zein den erresidentzietako egoera eta beharrizanak, hala nola, erosahalmenaren galera etetea, kontziliazioaren arloko hobekuntzak, lan osasunaren arloko hobekuntzak, berdintasun planak... Baina baita langile gehiago kontratatzeko premia zein ordezkapenak egin eta enplegua egonkortzea ere.
Hamar negoziazio mahai egin dira, eta patronalen proposamen atzerakoiak eta aldaezinak izaten jarraitzen dute. Patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak defendatzen duten eredua hau baita: soldatak izoztea, langileak lehen egunetik ez ordezkatzea, enplegua ez finkatzea, lanaldi partzialekin jarraitzea eta berdintasun planak edo lan osasuneko gaiak ez jorratzea. Oraingoz, ez da beste deialdirik egin.
Egoera horren aurrean, ELAk sektoreko langile guztiei dei egiten die arreta eta zaintza hobetzearen aldeko eredu aldaketaren alde mobilizatzeko. Eredu berriak lan baldintzen hobekuntzei erantzun beharko die, eta behin betiko enpresen onura alde batera utzi eta langileen, senideen eta egoiliarren onura bilatu beharko du.