Mobilizazioa deitu dute ekainaren 26rako, Bilbon, Osakidetza desegiten ari direla salatzeko

2022/06/20
SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek manifestazioa deitu dute ekainaren 26rako, Bilbon, Jaurlaritza Osakidetza desegiten ari dela salatzeko. Manifestazioa 11:00etan abiatuko da Jesusen Bihotzetik. Lehen Mailako Arreta kinka larrian dagoela azpimarratu dute sindikatuek, eta gogorarazi dute Osasun sailburu Gotzone Sagarduik planteatutako murrizketa asko aspaldikoak direla: udako itxierak, ordutegien murrizketa, edo zerbitzuen murrizketa eta zentralizazioa. Aldi berean, eta Lehen Mailako Arretako zentroetan ezarriko diren ordutegi murrizketak salatzeko asmoz, ekainaren 22an kontzentrazioak eta itxialdiak egingo dituzte, 17:00etan, Salburuako Osasun Zentroan (Gasteiz); Amara Prim Osasun Zentroan (Donostia); eta Deustuko Osasun Zentroan (Bilbo).

Joan den ekainaren 8an, Osasun sailburuak adierazi zuen artatuak izateko herritarrek gehiago eta maizago mugitu beharko dutela. Sindikatuen iritziz, adierazpen horiek agerian utzi dute Eusko Jaurlaritzaren estrategia: Lehen Mailako Arreta desegitea eta gainerako asistentzia mailak prekarizatzea, pribatizazioaren, zerbitzu publikoen aurkako erasoaren eta osasu aseguru pribatuen negozioaren bidez.

Sindikatuek azpimarratu dute Sagarduik argi hitz egin duela, nahiz eta sortutako zalapartaren ondoren Eusko Jaurlaritza bere adierazpenak zehazten saiatu. “Sailburuak argi eta garbi azaldu zuen kontsultategiak itxiko direla; batzuetan erizaintzako langileak bakarrik arituko direla; ospitaleetako espezializazioan sakontzen jarraituko dutela, edo, bestela esanda, gaur egun dauden zerbitzuak itxiko dituztela, EAE osoan ospitale bakar batean eskaintzeko; eta herritarrak gehiago eta maizago lekualdatu beharko direla”.

“Sailburuak dio kultura aldaketa dela, baina funtsean osasun sistema publikoa desegitea da, herritarrei eskaintzen zaien osasun zerbitzua prekarizatzea eta langileen lan baldintzak okertzea”. Sindikatuek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak dio murrizketak beharrezkoak direla profesional falta dagoelako, baina sindikatuek gogorarazi dute hori bere erabaki politikoen emaitza dela.


Ekainaren 17an, Lehendakariak Legebiltzarrean adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak Lehen Mailako Arreta indartuko duela eta plantillak handitu, berritu eta sendotuko dituela, baina sindikatuek gezurtatu egin dute hori. “Urkullu gezurretan ari da. Beste behin, Osakidetzak udan osasu zentroak itxiko ditu; beste batzuen ordutegia murriztuko du; ez ditu profesional askoren oporrak ordezkatuko; are gehiago zamatuko ditu aldi horretan zerbitzuak ematen dituzten langileak; eta prekarizatu egingo du herritarrei eskaintzen zaien arreta”, kexu dira.

Gainera, azpimarratu dute aurten egoera are larriagoa dela, Osakidetzak ordutegiak murriztea planteatu duelako, baita langileak ados jarri diren osasun zentroetan ere, zerbitzua ordutegi osoan betetzeko, murrizketarik egin gabe.

Langileak kontsolidatzeari dagokionez, sindikatuek errepikatu dute Osakidetzak ez duela inolako borondaterik behin-behinekotasun tasa altuak behingoz ezabatzeko. Osakidetzan 24.600 langile baino gehiago daude aldi baterako kontratuarekin; hala ere, Eusko Jaurlaritzak 3.700 plazako LEPa baino ez du planteatzen, eta horrek esan nahi du behin behinekotasun-tasa %50ean mantenduko dela.