Novaltiako farmazioen inplikazio faltak greba luzatzen duela salatu dute manifestazioan

2021/09/21
Manifestazioa egin dute Bilbon Novaltiako grebalariek, beste gatazketako langileek babestuta; Tubacex, ITP-PCB edota Guggemheimeko garbitzaileak, besteak beste. Enpresako zuzendaritzak negoziatzeari uko egin, eta Novaltiako farmazia bazkideen inplikazio faltak gatazka luzarazten duela salatu dute

Novaltiako grebalariek, ELAko militanteekin eta gatazkan dauden beste enpresa batzuetako langileekin batera, manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan, 792. greba egunean. Hala nola, Tubacex, ITP-PCB, Guggenheimeko garbitzaileak, Vulcanizados Zuloaga... enpresetako ordezkariak izan dira bertan. Eusko Jaurlaritzako Gran Víako egoitzatik abiatu, eta kale nagusia zeharkatuta, Arriaga plazaren aurrean amaitu dute protesta.

Manifestazioan enpresako zuzendaritzaren jarrera salatu dute. Izan ere, negoziatzeari uko egin dio, gatazka bere horretan errotuz, eta behin baino gehiagotan urratu du langileen greba eskubidea, grebalariak beste langileekin ordezkatuta, besteak beste. Gainera, Lan Ikuskaritza eta Novaltiako zuzendaritzaren arteko konplizitatea onargaitza da. Ikuskaritza zuzendaritzaren aliatu bihurtu da, eta ez du ikuskatu nahi izan, kasurik onenean, eta, beste batzuetan, ontzat eman du greba eskubidea urratzen dituzten praktikak. Adibidez, Ikuskaritzak begi onez ikusi du enpresako zuzendaritzak aparteko 300 euro ordaintzea hilabeteko, greba hasi zenetik (2019ko uda) eta urte eta erdi baino gehiagoz greba egin ez duten langileei bakarrik.

Era berean, Novaltiako bazkide diren farmaziak egoeraren erantzule direla azpimarratu dute. Novaltia, Zaragozan egoitza nagusia duen farmazia produktuen banaketa kooperatiba bat da. Bizkaiko eta Arabako ehunka farmazia dira enpresaren jabeak eta, ondorioz, gatazka luzaroan irautearen erantzuleak ere badira. Grebalariek argi baitute, farmazia horiek nahi badute, gatazka konpon daitekeela.

Novaltiako langileek bi urte baino gehiago daramatzate greban, lan hitzarmen duinaren alde. Soldatarik baxuenak ez baitira hilean 950 euro baino handiagoak, Lanbide Arteko Gutxieneko soldatatik oso gertu. 2018tik 2020ra bitartean 3,2 milioi eurotik gorako emaitza positiboak izan dituen enpresa batez ari gara. Baina miseriako soldatak ordaintzen jarraitu nahi dute. Zuzendaritzak, gainera, ez du prekaritatearekin amaitu nahi, eta negoziatzeari berari uko egin dio. Horregatik, langileek negoziazitu dezala eskatu diote enpresa buruei, eta famazia akziodunek ere elkarrizketaren alde egin dezatela aldarrikatu dute.

Azkenik, Novaltiako grebalariek ELAko militanteen eta beste gatazketako langileen babesa eskertu dute.