Osakidetzak Deustuko Etengabeko Arreta Gunea itxi du eta bitalak ez diren larrialdi zerbitzurik gabe utzi ditu Bilbotarrak

Osakidetzak ez du atzera egin eta Deustuko (Bilbo) IUPko (Etengabeko Arretarako Gunea) gaueko arreta presentziala behin betiko ixtea erabaki du; ondorioz, hil edo biziko larrialditzat jotzen ez diren baina urgentziak badiren kasuak atenditzen zituen zerbitzua galduko dute udalerriko herritar guztiek.
Gogorarazi behar da Etengabeko Arretarako Guneak hil edo biziko larrialditzak jotzen ez diren baina arreta behar duten urgentziak artatzen dituzten guneak direla. Ospitaleetako larrialdietara bideratu ordez, larriak bilakatu daitezkeen, eta ondorioz, arreta behar duten urgentziak atenditzen dituzte Etengabeko Arretarako Guneetan. Gauzak horrela, sindikatuek salatu dute Deustuko Arreta Gunean 00:00etatik 08:00etara eskaintzen zen zerbitzu hori ezabatzeak ospitaleetako larrialdiak gehiago kargatzea eragindo duela, kasu honetan, Basurtuko Ospitalekoak. Eta hori gutxi ez balitz, azpimarratu dute kolapso horren ondorioz,
patologia asko zuzenean larrialdietara bideratuko dituztela, nahiz eta urgentzia arinagoak izanik, Arreta Guneetan artatzeko modukoak izan.
Horrek, gainera, honako ondorio hauek ekarriko dituela gogorarazi dute:
- Ospitaleetako larrialdietako itxarongelan herritarren presentzia handitzea.
Beraz, artatuak izateko itxarote-denbora handitzea, saturaziora joz.
COVID-19ren eraginpean egoteko arriskua handitzea, osasun-gomendio guztiek kontrakoa adierazten dutenean.
Sindikatuek gogorarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ibilbide orrian urteak daramatzan murrizketa bat da hau, eta pandemia aprobetxatuz aplikatzen da orain. "Argi dago maniobra hori Osasun Sailaren eta Osakidetzaren estrategia bat dela, IUPek ematen duten zerbitzua murrizteko eta ezabatzeko ere; izan ere, ez da gaueko ordutegian ixten duen lehena, eta ausartzen gara esatera ez dela azkena izango, azkenean hori gertatzen uzten badugu", deitoratu dute.
Zerbitzu publiko hori ez ixteko egindako dinamika guztien barruan, urtarrilaren 28an, hainbat eragilek, besteak beste, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, Osaldek eta Bilboko Elkartasun Sareak, mozio bat aurkeztu zuten Udaleko osoko bilkuran, Osakidetzari eta Osasun Sailari exijitzeko Deustuko zerbitzua mantendu dezan. Mozio hori atzera bota zen, ordea; horren ordez, aurrera atera zen udal-gobernuak berak egindako zuzenketa, EAJk eta PSEk osatutakoa. Horren bidez, Osakidetzari eskatu zitzaion zehatz-mehatz azter zezala zerbitzua kentzeak izan zezakeen eragina, bai eta balizko erabiltzaileei osasun-estaldura mantenduko zitzaiela bermatzea ere. "Jarrera partziala", salatu dute sindikatuek.