Banco Santander, Banco Popular eta Banco Pastor-eko langileak lanaldi etena inposatuko duen akordioaren aurka

2018/05/23
Banco Popular, Banco Pastor eta Banco Santander-eko langileek manifestazioa egin dute gaur, homologazio-akordioari ezetz esateko. Izan ere, beraien lan baldintzen okertzea ekarriko du, ELAk luzatutako komunikatuan azaldu gisara.

Honakoa da langileen oharra:

Jakinarazpen honen bitartez, homologazio-akordioari ezetz esaten diogula adierazi nahi dugu (Banco Santander, Banco Popular eta Banco Pastor), baldin eta sine qua non baldintza gisa lanaldi etena modu neurrigabean ezartzea badakar.

Argi dugu zeintzuk diren mugak; hori dela-eta, enplegatuei, enpresari eta gainerako sindikatuei jakinarazi nahi diegu lanaldi etena ezartzearen guztiz aurka gaudela. Gaur hori onartuz gero, laster batean lantoki guzti-guztietara hedatuko da, eta bankuak berak hala aitortu du mahaian, bide horretatik joan nahi omen dute.

Lanaldi etenarekin lanaldia 19:00ak arte ezartzeak de facto hainbat ondorio dakartza. Besteak beste, gure sektorean legez kontra egiten diren lanaldi-luzapenak kontrolatzea eta salatzea eragotziko du, lekuz aldaturiko jendea bazkariaren 2 ordu gehiagorekin zigortuko du. Hori guztia Bankaren Hitzarmen Kolektiboari joz eta hautsiz, sinatu zutenek ere errespetatzen ez duten hitzarmen kolektiboa.

Ordutegi-aldaketa horren helburua, esanak esan, ez da banako arreta ematea, gure sektoreko enplegatuek jasan dituzten prekarietatea eta iruzurra legeztatu nahi izatea baino. Ordaindu gabeko eta kotizatu gabeko aparteko orduei legezko itxura eman nahi diete. Auzitegi Nazionalaren epaiarekin eta guzti, enpresak bere hartan jarraitzen du, ordutegiak kontrolatzeko eta egindako lanaldia erregistratzeko sistema bat ezartzea ezinezkoa dela esanez. Beraz, langileek “aukeran” duten ordutegia 08:30etatik 19:00ak arte doa. Eta langileak babes gabe daude nagusiren batek 19:00ak arte lanean jarraitzera behartzen badu.

Honen bidez eskatzen diegu langileen gainerako ordezkariei langileak babesik gabe ez uzteko, eta sasi-negoziazioetan ez sartzeko. Kontziliazio eta osasunaren truke dirua eskainiko baitute, “kromoak” bailiran.

Funtsezko eskubideak suntsitzeko saiakera berri hori enpresan bertan eta jendaurrean salatzearren ez diogu uko egingo inolako baliabideri, gure eskubideak nekearen nekez eskuratu baititugu. Bankuak aurrera egiten badu, aurrean izango gaitu, eta entzun beharko gaitu mahaian eta kalean.