Sozialeko Epaitegiak dio ez dagoela arrazoirik Bilboko Conde Aresti erresidentziako lantaldea doitzeko Covidak eragindako heriotzen ondorioz

2021/09/22
Bilboko Sozialeko laugarren epaileak Bilboko Conde Aresti erresidentziaren aurka egin du. Erresidentziak lan baldintzak okertu nahi baitzituen, egoliarren beherakada argudio hartuta. Epaileak, ordea, ez ditu frogatutzat jo enpresak argudiatutako kausa ekonomiko zein antolakuntzakoak, eta esan du 2020. eta 2021. urteetako egoiliarren jaitsiera heriotzek eragin zutela, eta, beraz, covid-19ak eragindako pandemiarekin zuzenean eta modu nabarmenean lotuta daudela. Horregatik, ez litzateke nahikoa arrazoi izango lantaldea doitu eta 2005eko akordioa bertan behera uzteko, enpresak eskatu bezala. Esparru soziosanitarioko gisa horretako aurreneko epaia da, beraz.

Tamalez, ez da lehenengo kasua non enpresa batek pandemia probestu nahi izan duen eskubideak murrizteko eta prekarizatzeko (2018ko eta 2019ko balantzea positiboa izan zen). Gainera, kasu honetan are larriagoa da, alde batetik, esparru soziosanitariokoa izaki, COVID-19ak heriotzak eragin eta langileak kutsatu dituen sektorea delako, eta, bestetik, Bizkaiko Diputazioaren itunpeko erresidentzien sareko kidea delako Conde Aresti, Fundación Vizcaína de Caridaden aterpean (fundazio hau pribatua eta irabazi asmorik gabea da; Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babespean dago. Fundazioaren lehendakaria Unai Rementeria Bizkaiko Diputatu Nagusia da, eta lehendakariorde Juan Mari Aburto Bilboko alkatea).

Grebak eta mobilizazioak

ELAk joan den apirilean Conde Aresti egoitzan greba mugagabeari ekin zio lantaldearen zati bati enpresak ezarri nahi zizkien murrizketei aurre egiteko. Ez zen erraza izan, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri baitziren; ELAk gehiegizkoak zirela salatu zuen, greba eskubidea urratzen zuelako. Hala ere, langileek egunero kontzentrazioak egin zituzten euren eskubideen alde.

Zehazki, enpresak indargabetu egin nahi zuen 2005ean ELAk osatutako enpresa-batzordearekin sinatutako akordioa; horren bidez eutsi egiten zitzaien Bizkaiko adinekoen egoitzetako sektore-hitzarmena baino hobeak ziren soldata hobekuntzei eta aldi baterako ezintasun kasuetarako osagarriari.

2015etik aurrera langileek behin eta berriz aurre egin behar izan diote enpresak lan baldintzak okertzeko egin dituen saiakerei. Urte hartan ELAk auzitara jo zuen enpresak akordioa bete nahi ez zuelako, eta orduan ere epaileek arrazoia eman zioten sindikatuari.

Hala ere, fundazioak pandemia baliatu nahi izan du orain murrizketak egiteko, arazo ekonomikoak aitzakiatzat hartuta: besteak beste, enpresan denborarik luzeen daramaten 25 langileri %37ko soldata jaitsiera ezarri nahi izan die eta aldi baterako ezintasun kasuetarako osagarria kendu.

Murrizketa horiek jasateko arriskua zuten langileek batez beste 27 urte daramate enpresan lanean, eta %44k 60 urtetik gora ditu. Gaur ezagutzera eman dugun epaiak babesa ematen die langileen borroka eredugarria eta irmotasunari babesa eman dio; ELAk egindako gatazka kolektiboko demanda aintzat hartu eta enpresak ezarri nahi zuen lan baldintzen aldaketa nabaria justifikatu gabea dela ebatzi du.

ELAk bere baliabideak langileen esku jarriko ditu aurrerantzean ere sindikatua erabilgarri izan dadin eta gisa horretako abusuak geldiarazteko. Langile guztiak zoriondu nahi ditu egindako borrokagatik.