ZAINTZEN HERRIA
Zaintzen Herria ospatuko dute mugimendu feministako kideek urriaren 5ean Bilbon

Larunbat honetan Bilboko Arenaleko Kioskoan azaroko greba orokorraren ondoren zaintza eskubidearen aldeko hurrengo urratsa aurkeztu zuten. Zaintza lanak politizatzen jarraitzeko beharra azpimarratu zuten, izan ere, hauek oraindik ere guztiz familiarizatuta, feminizatuta, arrazializatuta eta prekarizatuta daude eta horregatik, beraien hitzetan, ezinbestekoa da zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeeta zaintza sistema publiko-komunitario baten alde borrokan jarraitzea.
Mugimendu feministako kideek salatu zuten, greba pasata, Hego Euskal Herriko gobernuek zaintza eduki politikoz ustu dutela, beraien ahotan darabiltzen arren, zaintzarekin negozioa egiten jarraitzen dutelako eta batez ere zaintza sistema pribatu baten alde egiten jarraitzen dutelako.
Guzti horregatik, zain egoteko asmorik ez eta urriaren 5ean Zaintzen Herria antolatuko du mugimendu feministak Bilbon, eragile sozial eta sindikal askorekin batera, eraiki nahi den jendarte eredu hori amestetik, eraikitzera pasatzeko asmoz.
Izan ere, azaldu dutenez, instituzioen eta patronalaren hiria, "Negozioen Hiria" da; "hiri pribatizatua, espekulazioari, turismoari eta gutxi batzuen irabazi ekonomikoei emana; herritarren premien gainetik zementua lehenesten duena".
Guzti horregatik urriaren 5ean Zaintzen Herria antolatuko da, egun osoko egitarauarekin, zaintzen inguruan eztabaidatu, sistema-publiko komunitarioa definitu eta elkarrekin disfrutatzeko asmoz.