JUSTIZIA ANDERRENTZAT

ELAk bat egin du urriaren 3ko mobilizazioarekin

2026/09/28
ELAk bat egin du urriaren 3ko mobilizazioarekin
Sindikatuak galdatu du muturreraino iker dadila Anderren heriotza, eta erantzukizun guztiak argitu.

Anderren heriotzaren berri izan zuenean, senide eta adiskideei dolumina adierazteaz gain ELAk esan zuen gertakariak goitik behera ikertu behar zirela, eta ezinbestekoa zela poliziaren ekintzaren inguruan erabateko gardentasuna bermatzea. Prentsa-oharrean aditzera eman zen ere hain ondorio larriak dituzten gertakariak izaten direnean zerbitzu publikoen jokabidea argia izan behar dela, baldin eta herritarren errespetua eta konfiantza ziurtatu nahi badute. 

Halaber, gogoratu genuen sindikatu honek hamaika aldiz ohartarazi izan diela gure herriko arduradun polizialei gailu estatikoak edo pistola elektronikoek kalte larriak eragin ditzaketela, baita heriotza ere, arazo kardiobaskular edo mentalak dituztenei, nahiz botika jakin batzuek hartzen dituztenei; hartara, interbentzio batean halako patologiak aurrez antzemateko aukerarik ez dagoenez, arriskua are handiagoa delarik. Gainera, esan genuen administrazioek eta sindikatu korporatiboek elkar hartu eta jarrera itxia agertzea poliziarentzat ez zela bat ere lagungarri, zerbitzu publiko gisa herritarrekiko harremana izaterakoan. 

Azken asteetan ezagutu izan ditugun berriak direla eta, eta behin plazaratu den bideoa ikusita, ELAk adierazi nahi du inolako enpatiarik izan ez zuen esku-hartze polizialaren intentsitateak  maila goreneko hausnarketa politikoa eskatzen duela. Bideoak agerian uzten du hainbat unetan beharrik gabe bortizkeria erabili zela.
Horrenbestez, ELAk honakoa berretsi nahi du:
    • Interbentzioa maila guztietan ikertu behar da, eta kontuak garbitzeko benetako mekanismoak aplikatu; halaber, erantzukizun guztiak argitu behar dira, politikoak barne. Gizarte guztiari zor zaio eskubide hau, baina batez ere senideei. 
    • Eztabaida bati ekin behar zaio poliziaren eginkizunaz eta euskal gizarteak behar duen segurtasun-ereduan izango dituen botere bereziez. Eztabaida honetan dagokien erakundeekin batera jendarte zibilak ere parte hartu behar du. 
•    Debate hau ez dute sindikatu korporatiboek baldintzatu behar, eta ezin da haien menpe geratu; izan ere, inoiz ez baitituzte zalantzan jartzen gure agintarien politika neoliberalak. Politika horiek jendarte zibil gehienari erasaten diote, baina gainera herritarren artean segurtasun ezaren sentipena areagotzen dute (etxebizitza eskasia, oinarrizko produktu garestiak, lan prekarioa...). ELAren iritziz alderdi politiko batzuek sustatzen dituzten politika neoliberal horiek dira jendearengan segurtasun eza sortzen dutenak, ez ezartzen ari den marko ideologikoak saldu nahi dizkigun sasi-errealitateek. 
Horregatik, ELAk bat egingo du "Justizia Anderrentzat" herri-plataformak Santurtzin urriaren 3rako deitu duen mobilizazioarekin.