'ENIGMA'

ELAk dokumentala posible egiteko diru bilketan parte hartzera deitzen du

2026/10/13
ELAk dokumentala posible egiteko diru bilketan parte hartzera deitzen du
Gaur abiatu da zinema aretoetara iritsi nahi duen ‘Enigma’ dokumentala errealitate bihurtzeko crowdfunding-a, Galizia, Euskal Herria, eta Herrialde Katalanak bizirik irauteko jendarte zibil antolatuak izan duen garrantzia mahai gainean jartzeko asmoz.

Galizia, Euskal Herria eta Herrialde Katalanek badute zerbait komunean: neoliberalismo eta globalizazio betean, ere, bizirik iraun dute nazio gisa, estaturik izan gabe. Nola lortu dute? Zeintzuk izan dira hiru herri hauek nazio gisa irauteko gakoak?Galdera horri erantzun nahi dio ‘Enigma’ dokumentalak, hipotesi hau mahai gainean jarriz:

Ez da magia: jende antolatuak egin du. Erantzuna ez duzu gobernuko inongo bulegotan aurkituko. Kalean aurkituko duzu: sindikatuetan, kultur erakundeetan, hedabideetan, jendarte-mugimenduetan, mende erdi baino gehiagoz hiru nazio hauen biziraupen nazionalaren eta kulturalaren benetako arkitektoak izan direnetan. Diktadura bat pairatu dute, globalizazioari eutsi diote eta orain eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko prestatzen ari dira. Eta hori guztia egin dute inoren zain egon gabe.

Dokumentalak zinema-jaialdietara, areto komertzialetara, plataformetara, telebistetara eta sareetara iritsi nahi du eta, horretarako, jende askoren parte hartzea eta ekarpena behar ditu. Ekarpenak crowdfunding bidez egiteko aukera gaur jarri da abian. Horregatik gonbidatu nahi dugu jende guztia, proiektu hau errealitate bihurtzeko, bere aletxoa ematera. Dokumentalaren aurrekontu osoa 200.000 €-koa da, eta horietatik 160.000 € diru-bilketaren bitartez lortzea espero du, proiektuaren koordinazioa daraman Cardant Cultura kooperatibak.

Jendea antolatzen denean, ezer ez da ezinezkoa. Horixe azaleratu nahi du dokumentalak eta proiektua posible egin nahi duen diru-bilketak.

Hemen duzue dokumentalaren aurrerapena: