ELAk elkarretaratzea deitu du Udalaren aurrean
2026/05/20 Industria eta Eraikuntza Oarso-Bidasoa
Errenteriako Laffort enpresako 37 langileek elkarretaratzea egingo dute ostegun honetan, 12:00etan, herriko udaletxearen aurrean, enpresako zuzendaritzarekin duten lan gatazka agerian uzteko.
Langileak greba mugagabean daude joan den maiatzaren 18tik, enpresan lehen aldiz martxan jarri nahi duten negoziazio kolektiboaren blokeoaren ondorioz. Helburua lan baldintza “duinak eta bai plantillaren egungo egoerara bai enpresaren errealitatera egokituak” lortzea da.
Hiru hilabete baino gehiago igaro dira elkarrizketak hasi zirenetik, baina enpresak oraindik ez du “egoeraren araberako erantzunik ezta negoziazioan benetako aurrerapausorik” eman.
Egoera honen aurrean, plantillak adierazi du mobilizazioekin jarraituko duela bere lan baldintzak hobetzearen alde, eta herritarrei dei egin die ELAk ostegun honetan Errenteriako udaletxearen aurrean egingo den elkarretaratzean parte har dezaten.