ELAk parte hartuko du Jardunaldi Ekosozialistetan
2026/05/15 Nazioartekoa Azterketa bulegoa
Krisi klimatikoak eta kapitalismo estraktibistak nazioarteko erantzun koordinatua eskatzen dute, jarrera ekosozialistetatik eta antikapitalistetatik. Eztabaiden ardatzak izango dira eraldaketa ekosoziala, ekosindikalismoa, justizia klimatikoa, ekofeminismoa, estraktibismoaren aurkako borroka. Era berean, neoliberalismoaren, eskuin muturraren eta gero eta handiagoa den militarismoaren aurrean alternatibak eraikitzeko beharrari buruz hausnartuko da.
ELAk aktiboki parte hartuko du lan-munduari eta trantsizio ekosozialari lotutako eztabaidaguneetan. Hain zuzen ere, Euskal Herriko ordezkari sindikalek sindikatu-berrikuntza ekosozialistari buruzko mahai eta tailerretan parte hartuko dute, baita sindikalismoak krisi klimatikoaren eta sozialaren aurrean duen zereginari buruzkoetan ere.
Nabarmentzekoa da horrelako nazioarteko topaketek duten garrantzia borroka-esperientziak partekatzeko, herri-mugimenduen arteko aliantzak indartzeko eta langile-klasearen bizitza eta eskubideak erdigunean kokatzeko proposamenetarantz aurrera egiteko. ELArentzat ezinbestekoa da "kapitalismo berdea" deritzonaren irtenbide faltsuei aurre egitea eta langileen bizkar geratuko ez den trantsizio ekologiko justu bat eraikitzea.