‘Jaietan denok jai’ plataformak Donostiako Udalak onartu duen turismo olde handiko eremuaren zabaltzea salatu du

2021/12/23
Donostiako Udal gobernuak abenduaren 21ean onartutako Turismo Olde Handiko Eremuaren mugaketa berrian, Bretxako gunearen barruan dauden saltokiek ordutegi askatasuna izango dute eta 2022an eta 2023an igande eta jaiegun guztietan ireki ahal izango dira. Plataformako kide diren ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek zabaltze hori salatu dute eta igande eta jaiegunetan irekitzeak 0 izan behar direla defendatzen jarraitzen dute.

Beste behin ere, plataformak udal gobernuari 2015ean zegoen turismo olde handiko eremuaren mugaketara itzul dadila eskatu nahi dio ; izan ere, uste dugu handitze berriak langileek igandeetan eta jaiegunetan atseden hartzeko duten eskubidearen aurkakoak direla.

Ordutegi-luzapen horiek lotura zuzena dute izan nahi dugun hiri-, lan- eta kontsumo-ereduarekin; funtsean, merkataritza-gune handien eta multinazionalen onurarako diseinatuta daude, eta saltoki txikien eta lan-eskubideen aurkakoak dira.

Plataformatik beti defendatu izan dugu eta defendatzen dugu igande eta jaiegunetan irekierak 0 behar direla, eta turismoa ezin dela aitzakia gisa erabili egun horietan dendak irekitzeko. Merkataritza jaiegunetan eta igandeetan irekitzeak ondorio kaltegarriak ditu, ez bakarrik lanaren ikuspegitik, baita gizartearen ikuspegitik ere.

Plataformatik argi daukagu igande eta jaiegunetan irekitzen direla:

  1. EZ DUTE EKONOMIA SUSTATZEN.
  2. EZ DUTE ERRESPETATZEN LANGILEEK ETA MERKATARIEK KONTZILIAZIO PERTSONALERAKO ETA AISIALDIRAKO DUTEN ESKUBIDEA.
  3. EZ DUTE ENPLEGURIK SORTZEN, PREKARIZATU EGITEN DUTE.
  4. KONTSUMITZAILEEK EZ DUTE ESKATZEN ETA EZ DUTE BEHAR.
  5. EZ DIRA ASKATASUNEAN OINARRITZEN, HIRI ETA KONTSUMO EREDU UNIFORMIZATZAILEAK SUSTATZEN DITUZTE.

Turismoa aitzakia ezin hobea bihurtu da politikariak langileez, herritarrez eta merkatari txikiez ahazteko. Hiru kolektiboetan egiten du kalte argi eta garbi igandeetan eta jaiegunetan irekitzeak.

Plataformatik uste dugu hiriak bertan bizi diren pertsonentzat diseinatu behar direla, ez noizean behin bisitatzen gaituzten turistentzat. Hori dela eta, datozen egunetan mobilizazio batzuk iragarriko ditugu, irekiera horiek salatzeko eta udalari exijitzeko 2015ean turista asko biltzen diren eremuen mugaketara itzul dadila.