“Donostiako obra publikoetan kanpoan bizi diren langileak erabiltzen dira, salaketa edo istripuren bat dagoenean desager daitezen”

2021/05/18
"Donostiako metroaren obretan 2019ko otsaila eta azaroa artean 35 langilek 10.000 ordu estra sartu zituzten. Guk dakigula 5 istripu larri izan dira gutxienez. Horietako bik 10 hilabete daramate bajan. Batek mugikortasuna galdu du eskuan eta besteak ezin du ibili. Istripuak ez dira inon azaltzen, gertakari txiki bezala erregistratzen dituzte. Hau guztia badakite obren ardura duten agintari politikoek, baina ez dute eze regiten." Igor San Jose, ELAko eraikuntza arduradunak Oiartzun Irratian hitz egin du.

Entzun Oiartzun Irratiko elkarrizketa

“Donostiako metroaren obretan egunean 6 ordu sartu ordez 19 ordu sartzera iritsi ziren langileak. Lur azpiko lanetan legeak dio ohiko 8 orduko jardunaldia baina laburragoa izan behar dela, baina hori hemen ez zen errespetatzen. 2019ko otsaila eta azaroa artean 35 langilek 10.000 ordu estra sartu zituzten. Hori frogatua dugu izen abizenekin. Guk gauzak publikoki edo epaitegian salatu aurretik obra publiko hauen ardura duten agintari politikoekin hitz egiten dugu. Hau guztia ezagutzen zuten, baina ez dute ezer egin. Langileen lan baldintzak eta herritarren iritzia ez zaie axola.”

“Nola funtzionatzen dute obra hauek? Obra publikoa enpresa potente bati esleitzen diote. Obrako zenbat langilek lan egiten du enpresa horretan? %1-2k. Beste guztiak azpikontratatuak dira. Eta azpikontratatuak kanpotarrak dira. Kontua ez da portugaldarrak, pakistandarrak, galiziarra direla. Helburua da kanpoan bizitzen den langileak izatea, salaketa bat edo istripu bat dagoenean desager daitezen arrastorik utzi gabe. Obra merkeak eta ixiltasuna nahi dute.”

“Guk dakigula metroko obretan 5 langilek izan dituzte istripu larriak. Hasieran ez dira gugana gerturatzen, beldurra dute. Hauek beti behin-behineko lanean dabiltza eta gurekin ikusten badituzte kalera botatzen dituzte. Hauetako langile batzuek 10 urte daramatzate Euskal Herrian lanean, AHT obretatik datoz, eta hamar enpresa desberdinetan aritu dira lanean. Beraz, badakite etorkizuna kolokan dutela eta ixildu egiten dira. Salaketak jartzeko beraien baimena behar dugu eta bost horietatik bik salatu dute istripua: ez dira lanera itzuliko. Batek eskuan mugikortasuna galdu du eta besteak ezin du ibili. Istripuak salatzeagatik mehatxuak jaso dituzte. Agintariek badakite hori, badakite lan istripua salatzeagatik enpresak mehatxatu dituela. Eusko Trenbide Sareak badaki istripuak egon direla eta ez direla inon azaltzen. Gertakari txiki bezala erregistratzen dira. Baina 10 hilabeteko baja eragiten duen istripua ez da gertakari txikia.”

“Adibidez: zuloa egiten ari dira lur azpian. Hortik harea eta lurra ateratzeko kamioiak erabiltzen dituzte. Merkeago da kamioiarekin bi bidai egitea hiru baino. Horregatik kamioiak %50eko gainkargarekin atera eta sartzen ziren. Kamioi horiek, gainkargarekin, egoera txarrean, ITVa gainditu gabe, Donostiako kaleetan zebiltzan. Aste beten ertzaintzak hiru isun jarri zizikoan kamioi gidari batik gainkarga eramateagatik. Langilearen eta hiritarren segurtasuna arriskuan zeuden. Enpresarekin hitz egin genuen. Esan zigun prezio horietan hala egin behar zela. Lan ikuskaritzara jo genuen, agintari politikoekin hitz egin genuen, eta ezer ez. Langileak salaketa jarri zuenean mehatxu hau jaso zuen: alde egin hemendik edo istripu bat izango duzu. Mehatxu hori ere salatu dugu. Ez du inolako babesik jaso obra publikoaren ardura duten agintariengandik. Oso bakarrik sentitu da.”

“Agintari politikoek eta enpresek badakite hau horrela dela. Diru publikoa erabiliz langile zaurkorrak erabilitzen dira, behar handien dutenak. Langile horiek badakite beraien eskubideak ez dituztela betetzen. Langile hauek bazekiten Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenak dioena baina %60 gutxiago kobratzen zutela, baina lana galtzeko beldurra indartsuagoa da. Badakite edozein mugimendu eginda kalera botako dituztela. Gu atzetik hurbiltzen gara, gure datuak pasatzen dizkiegu, ohar tauletan informazio jartzen dugu… Urratsa ematera ausartzen direnekin gauzak lortzen ditugu, baina epaiak irabaztean, dagokiona kobra dezaten langile bakoitzak jarri behar du salaketa, eta gehienak ez dira ausartzen. Anoetako obretan, adibidez, enpresak 7 milioi ordaindu behar zizkien langileei egindako irregulartasunengatik, guk irabazitako epiaiei esker, baina zenbat langilek erreklamatu zuen? %10ak soilik. Guk esan genuen: enpresak ez badizkie langileei 7 milioi horiek ordaintzen ezin dizkiogu enpresa horri 15 milioi eman diru publikotik! 7 milioi lapurtu dituztela langileen poltsikotik!”

“Hau guztiarekin amaitu dezakete agintari politikoek. Kontratu publikoetan klausulak jar daitezke lan osasuna eta lan baldintzak betetzen ez badira kontratuak eteteko. Baina ez dago borondate politikorik. Pentsa, desastrea gertatu zenean Zaldibarko zabortegian ardurak zituzten Arriola, Ernesto eta Pedro Marco, orain metroko obretan dabiltza, Eusko Jarlaritzaren izenean.”