5.000 bazkide dituen klubeko "luxua" gutxieneko soldatan oinarritzen da
Donostiako Metropolitan gimnasioko langileek apirilaren 13an hasitako greba mugagabeari eutsi diote, negoziazioan aurrerapausorik eman ez delako. ELAk enpresaren jarrera "immobilista" salatu du, ez baitu lan-baldintzak hobetzeko proposamenik aurkeztu. Are gehiago, ELAk salatu du enpresak greba eskubidearen aurkako neurriak hartu dituela, hala nola langileak legez kanpo ordezkatzea, Lan Ikuskaritzak egiaztatuta.
Gatazkak beste dimentsio bat hartu du 1.000 bazkide baino gehiagoren babesarekin. Hauek idatzi bat bidali diote zuzendaritzari, plantillaren aldarrikapenak babestuz eta konponbidea eskatuz. Nabarmendu dute “premium” zerbitzu batek ezin duela langileen prekaritatean oinarritu.
Zentroak 62 langile ditu, eta soldatak, lanaldiak, egutegia eta partzialtasuna dela eta, prekaritatea salatu dute. Egun, soldatak LGSari lotuta daude eta estatu mailako hitzarmen batek arautzen ditu, beraz, ez dira Euskal Herriko bizi kostura egokitzen. ELAk KPIaren gainetik dauden soldata igoerak, lanaldiaren murrizketa, oporretako osagarrien arautzea eta kontziliazioa ahalbidetuko duten ordutegiak eskatzen ditu.
Egoera horrek talka egiten du gimnasioaren jarduerarekin: 5.000 bazkidek hilean batez beste 110 euro ordaintzen dituzte. Azken urteetan kuotak % 40 inguru igo dira, baina soldatak KPIaren azpitik eguneratu dira, inolako hobekuntzarik gabe.
Bazkideek bidalitako idatzian ohartarazi dute grebak jada eragina duela zerbitzuetan —klaseak, entrenamenduak edo garbiketa—, eta kuoten itzulketa proportzionala eskatu dute.
ELAk enpresari blokeo egoera amaitzeko eta benetako negoziazio bati ekiteko eskatu dio. Bestela, plantillak grebari eutsiko diola ohartarazi du, lan baldintza duinak lortu arte.