Akordioa Donostiako Tabakaleran zazpi hilabeteko grebaren ondoren

2019/08/07
Ubik liburutegiko bitartekariak, ELAren babespean, 7 hilabetetik gorako grebari amaiera emango dion, eta euren lan baldintzak irauliko dituen akordioa sinatu dute. ELAk oso positiboki baloratzen du lortutako akordioa, eta 7 hilabete luzatu den greba honetan grebalariek izandako jarrera eta ausardia, sormena gatazkaren erdigunean jarriz.

ELAk jakinarazi nahi du, 7 hilabete baina gehiagoz luzatu den grebari amaiera emango dion akordioa sinatu duela gau. Akordioak, Ubik liburutegian lan egiten duten bitartekarien lan baldintzak guztiz irauliko ditu, bai soldatei dagokienean eta baita kontziliazioari dagokionean ere.

Sinatutako akordioa 2019-2022 urteetarako da. Bertan, besteak beste, 4 urtetan %32ko soldata igoera bat ( 18.000 eurotik 23.947 eurora) eta lanaldian 97 orduko murrizketa bat ( 1742 ordutik 1645ordura) dakartza, orduko prezioaren %40 inguruko igoera batekin. Akordioak, Igandeetan lan egiteagatik plusa, disponibilitate plusa eta antzinatasun plusa ere barneratzen du berrikuntza gisa.

Kontziliazioari dagokionean, egutegi jasangarriago eta ordenatuago bat, eta asteburuetako librantza gehiago barneratzen ditu akordioak, baita uda garaian oporrak hartzeko aukera ere. Sinatutako akordioak, beste hainbat klausula ere barneratzen ditu, besteak beste lanaldien egonkortasuna bermatuko dituena, bajen ordainketan hobekuntzak, edota akordioaren jarraikortasuna blindatuko dituenak.

ELAk oso positiboki baloratzen du lorutako akordioa, eta 7 hilabete luzatu den greba honetan grebalariek izandako jarrera eta ausardia, sormena gatazkaren erdigunean jarriz. Gazteak eta prekarietatea eta kultura eta prekarietatea binomioak azken urteetan gehiegitan elkarrekin datoz. Akordio honek, argi uzten du prekarietate egoerak irauli daitezkeela, eta bide honetan, iparrorratza izan nahi du egoera berdintsuetan dauden gazte eta kultur munduko langile guztientzat. Kolektibo desberdinen elkarlanarekin, eta sindikatuaren antolakuntzarekin, lan baldintza duinak posible direlako.

Bukatzeko, bai ELAk eta baita bitartekariek ere eskerrak eman nahi dizkiete ibilbide luze honetan euren babesa erakutsi dien liburutegiko erabiltzaile, herritar eta kultur arloko eragile eta pertsonei, euren babesik gabe, ibilbide hau oraindik eta gogorragoa izango bait zen.