Anoetako obretan Gipuzkoako lan hitzarmena betetzeko lehen urratsa

2017/09/26
Anoetako obretan Langileen Estatutua ez dela betetzen egiaztatu du ELAk. Hori konpontzeko PRECOn bilera egin zuen ostiralean estadioaren birmoldaketa lanak egiten ari den Aldi Baterako Enpresa Elkartearekin (ABEE; gaztelaniazko UTE). Bilera horretan ELAk lortu zuen Anoetako ABEEk Gipuzkoako Eraikuntzako Hitzarmena betetzeko akordioa sinatzea. Akordioak benetan beteko dela ziurtatzeko, astebeteko epea eman dio ELAk Anoetako ABEEri Gipuzkoako Hitzarmena betetzen has dadin.

ELAk hasieratik adierazi zuen Anoeta estadioaren birmoldaketa lanak kudeatzen ari ziren moduak kezka asko sortzen zizkiola. Iruzurrerako eta prekarietatea hedatzeko zantzu gehiegi zeuden. Bada, ELAk egiaztatu du dagoeneko birmoldaketa lan hauetan dabiltzan bi subkontratek (construcciones REIS eta Construcciones MAIZTZI) ez dutela hitzarmena betetzen: langileek 7 eta 9 euro orduko kobratzen dute, dena barne.

Ostiralean PRECOn egin genuen bileran Anoetako ABEEk obra honetan Gipuzkoako Eraikuntzako Hitzarmena betetzeko konpromisoa hartu zuen. ELAn jarraipen zorrotza egingo dugu konpromiso hori egi bihur dadin, eta aste beteko epea eman genion obretan Hitzarmena aplikatzen has daitezen.