AransGiko Langileak Borrokan!!

2017/07/14
Txomin Lasa, ELA-Gizalan
AransGiren 50.urteurrenean, inoiz gertatu ez den egoera berri bat gertatzen ari da; langileak borrokan gaude, lan baldintzak duintzeko jorratu beharko den bidea egiteko gogotsu eta indartsu. Arrazoirik ez zaigu falta. Enpresako azken hitzarmena 2010ean sinatu zen, jasotako azken soldata igoera 2011KO KPI igoera izanik. Soldata igoerarik gabeko azken sei urte hauek zera suposatu dute: eroste ahalmenaren galera %7koa baino handiagoa izatea.

Sektore soziosanitarioaen mapari begiratu bat ematerakoan ere, egoera ez da hobea. AransGiko langileak eta ematen dituzten zerbitzuak Gipuzkoako eskuhartze sozial edota erresidentzien baldintzen azpitik daude nabarmen. Erresidentzietan diplomatuko postuetan dauden langileek AransGin baina %40 gehiago irabazten dute, monitora eta idazkaritzakoak %18.

Zerbitzu hauek emakume langileez eta erabiltzaile kolektibo zehatzez osatuta daudelako dira prekarioak! Agintariek prekario nahi gaituztelako!

Gipuzkoako aniztasun funtzionaleko kolektiboarekin lan egiten duten elkarteekin alderatuta ere, monitora batek %11-21 baino gutxiago kobratzen du.

Egoera honen arduradunak argi ditugu zeintzuk diren, lehenik eta behin AransGi bera, langileen baldintzen aurretik, dirua erabiltzerako orduan beste lehentasun batzuk dituelako. Baina haren gainetik zerbitzu honen baldintza duinak bermatzearen gainean egon behar direnak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza dira. Beraiek dira zerbitzu honen azken arduradunak, beraz, ardura hori bere gain hartu eta egoera honi erantzuna eman dezatela eskatzen diegu.

Bizkaiako erresidentzietan gertatzen den bezela, "Las Kellys" langileekin gertatzen ari den bezala... Kasualitatea ote da langileen gehiengoa emakumeak diren sektoreetan beti baldintza prekarioenak egotea? Zerbitzu hauetako erabiltzaileak historikoki ahaztu eta baztertutako kolektiboko pertsonak izatea, kasualitatea hutsa izango ote da?

Erantzuna argia da; zerbitzu hauek emakume langileez eta erabiltzaile kolektibo zehatzez osatuta daudelako dira prekarioak! Agintariek prekario nahi gaituztelako! Beraz honen aurrean ahotsa altxatu eta berdintasunaren aldeko jendarte justu eta inklusibo baten borrokari gehitzeko ordua iritsi zaigu, kasualitateak existitzen ez direlako!