Beste langile bat hil da lan istripuan, oraingoan Andoainen, AP-15ean

2020/12/15
ELAk jakin duenez, lan-istripu berri bat gertatu da gaur Andoainen, AP-15ean. Antza denez, oraindik ikertzen ari diren arrazoiak medio, garraiolari batek istripu larria izan du; istripuaren ondorioz, gidatzen zijoan kabinak su hartu eta bertan zendu da langilea. Heriotza berri honekin, dagoeneko gutxienez 62 lirateke Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak, Koronabirusak lan eremuan eragin dituen heriotza zenbaezinak kontuan hartu gabe. Aurten, gutxienez 14 behargin hil dira Gipuzkoan, ia erdia garraio sektorean.

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke; Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da, administrazioak honen guztiaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean, behin eta berriro, modu sistematikoan. Prekarietate egoera hauek are larriagoak dira garraio sektorean.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean. Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromezua besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazi gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz.

Heriotzazko lan-istripu hau salatzeko elkartaratzea egingo du Euskal Herriko gehiengo sindikalak datorren hilaren 18an, ostirala, goizeko 11tan, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia Kalean duen Delegaritzaren aurrean.