Betetzeko bermea duen Gipuzkoako eraikuntza-hitzarmen berrituaren alde

2017/05/08
ELAtik borroka jarraitua eta etengabea bultzatuko dugu, harik eta patronalak Eraikuntzaren eta Obra Publikoen Gipuzkoako Hitzarmena berritzen duen arte. Azken urteotan soldatetan galdutakoa berreskuratu behar dugu, eta baita lan-erreformak sektoretik kanpo uzteko aplikazio-bermeak lortu ere. Ez diegu utziko garrantzi horretako obrak egiten hitzarmena berritu gabe edo aplikatu gabe.

 

Denon ezagunak dira, aspalditik antolatu izan baitira, ELAren ekimenak, ez bakarrik salaketak, Eraikuntzan eskubide sozio-laboralak errespetarazteko, orokorrean, eta probintzia-hitzarmenak betearazteko, zehazki. Jakin badakigu ez dela nahikoa legezko arrazoia izatea, mobilizazioak ere ezinbestekoak dira, kaleetan, obretan, enpresarien elkarteetan eta herri-erakundeetan. Gure mobilizazioak obretatik bulegoetaraino hedatzen dira, arauak edo hitzarmenak betetzen ez diren bakoitzean kasu zehatz hori konpontzeko asmoz. Izan ere, krisia dela-eta, egoera hori izugarri larriagotu da, hainbesteraino ezen “lan-esplotazioa” baita sektoreko eguneroko egoera hobeto islatzen duen terminoa.

Azken urteotan, obra bakoitzean jasotako dokumentazio ugariaren bidez, ELAk antzemandako urraketak argi eta garbi azaldu ditu. Horrekin batera, mobilizazioak eta bilerak egin dira; eta horrela arauteria ez betetzetik eta lan-zapalkuntzatik eratorritako arazo larri asko eta asko konponduz joan dira, obra publikoetan nahiz pribatuetan. Horrela ekin ezean, tokian tokiko eraikuntza-hitzarmena ez zen errespetatuko obra bakar batean ere.

ELAn argi dugu, halaber, beste hau: tokian tokiko hitzarmenak betez gero, ez litzateke izango enpresen artean hain lotsagarri den lehia desleiala. Egindako gehiegizko lanaldiak, bakar-bakarrik, hobeto kontrolatu balira, sektorean galdu den enplegua ez zen horren handia izango, herri-ogasunek diru-sarrerak ugalduko zituzten, langabezia-tasak murriztuko ziren, eta desagertu diren enpresa asko ez ziren desagertuko.

Aurrerantzean ere hitzarmenak betearaztea gure borrokaren erdi-erdian egongo da. Azken urteotan hiru faktoreren batuketa (sektoreko krisia, lan-erreformak eta enpresa-pirateria itzela) nahikoa izan da hitzarmena behin eta berriz bete gabe uzteko. Dena dela, Gipuzkoan ez dugu hitzarmenik 2009az geroztik, eta patronalei ez zaie, dagoeneko, aitzakiarik geratzen hitzarmena ez berritzeko.

Sektorea datozen hilabeteei eta urteei begira gero eta hobeki egongo da, horretan ez dago zalantzarik. Obra handiei ekiteko eta beste garrantzitsu batzuei jarraipena emateko puntuan gaude. Hor daude, besteak beste, errauskailuaren eraikuntza, Deskarga portuko errepidearen bikoizketa, Anoeta estadioaren zabalkuntza, Txomin Enean eraiki behar diren ia 1000 etxebizitza, eta ahaztu gabe AHTko obrak (Donostiako sarbidea eta Bergarako lotunea). Horiek dira Gipuzkoan egin beharreko obra nagusietako batzuk. Sektoreko patronalak ez du aitzakiarik hitzarmena ez berritzeko.

ELAtik borroka jarraitua eta etengabea bultzatuko dugu, harik eta patronalak Eraikuntzaren eta Obra Publikoen Gipuzkoako Hitzarmena berritzen duen arte. Azken urteotan soldatetan galdutakoa berreskuratu behar dugu, eta baita lan-erreformak sektoretik kanpo uzteko aplikazio-bermeak lortu ere. Ez diegu utziko garrantzi horretako obrak egiten hitzarmena berritu gabe edo aplikatu gabe.