DONOSTIAKO UDALAREN GIZARTE EKINTZA

Bihartik aurrera deituta zegoen greba bertan behera, aurreakordioa lortu ostean

2025/06/24
Batzordeak lortu du Donostiako Udalak 2027rako plantilla handitzeko konpromisoa hartzea.

Mobilizazio egun askoren, lau eguneko lanuztearen eta hamabi eguneko grebaren ondoren, Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako Batzordeak (ELA eta LAB buru direla) aurreakordioa lortu du Udalarekin. Azken uneko akordioak aldarrikapen nagusi gehienak jasotzen ditu. Besteak beste, 2027ko urtarrilaren 1erako 16 langile berri kontratatuko dira gizarte langilearen, administrariaren eta psikologoaren kategorietan.

Gauzak horrela, bihar hastekoa zen greba bertan behera geratu da. ELAk eta LABek positibotzat jo dute aurreakordioa, eta nabarmendu dute borroka sindikala dela langileen eskubideak eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzeko tresna bakarra.

Urte hasieran hasi zen gatazka, lan kargen igoerei aurre egiteko helburua zuen.Langileek eskatzen dute profesionalen araberako arreta ratioa murriztea eta plantilla handitzea eremu guztietan (administrazioa, gizarte langileak, hezkuntza, psikologia, talde teknikoa…).  Greba batzordea Udalarekin bilduko da datozen egunetan, akordioaren eduki guztiak zehazteko eta erabat ixteko.