Donostiako Barceló Costa Vasca hoteleko enpresa batzordeak azaroaren 19ko lan heriotza ikertzea exijitu du

2021/11/26
Donostiako Barceló Costa Vasca enpresa batzordeak azaroaren 19ko harrerako langile baten lan heriotza ikertzea exijitu dio Osalani eta Lan Ikuskaritzari, hotelaren aurrean egindako elkarretaratzean.

Langilea (G.G.A. 63 urte) lan istripuz hil zen, harreran lanean ari zela ondoezik sentitu ondoren. ELAk, enpresan gehiengoa duenak, aldez aurretik eskatu zuen neurriak hartzea gaueko txandan bakarrik lan egitea saihesteko, baina Zuzendaritzak ez zuen bere eskaera kontuan hartu. Horregatik, ikerketa sakona egitea eskatu du, larrialdietan jarduteko neurriak bete ote ziren eta langileen isolamendu egoerak kontrolatzeko neurririk ezarri ote zen zehazteko.

Aurten 57 pertsona hil dira lan istripuz Hego Euskal Herrian. ELAk gogorarazi du oraindik indarrean dauden lan erreformez baliatzen jarraitzen duela patronalak, langileen segurtasunaren kontura etekinak handitzeko.