Donostiako Barceló Costa Vasca hoteleko enpresa batzordeak elkarretaratzea deitu du harrerako langile baten heriotzagatik

2021/11/23
Donostiako Barceló Costa Vasca hoteleko enpresa batzordeak elkarretaratzea deitu du harrerako langile baten heriotzagatik. ELAk, enpresan gehiengoa duenak, aldez aurretik eskatu zuen neurriak hartzea gaueko txandan bakarrik lan egitea saihesteko, baina zuzendaritzak ez zuen bere eskaera kontuan hartu. Horregatik, Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatzen die ikerketa sakon bat egin dezatela, jakiteko ea betetzen ziren larrialdi kasuetan jarduteko neurriak, eta ea ezarri ziren langileen isolamendu egoerak kontrolatzeko neurriak. Halaber, Barceló Costa Vasca Hoteleko enpresa batzordeak datorren ostiralerako, azaroak 26, deitu duen elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten du, 11:00etan, enpresaren instalazioen aurrean, Pio Baroja kaleko 15. zenbakian, Donostian (Gipuzkoa).

ELAk jakin ahal izan duenez, Donostiako Barceló Costa Vasca hoteleko (Gipuzkoa) langile bat (G.G.A. 63 urte) hil zen joan den ostiralean, azaroak 19, lan istripuan, harreran lanean ari zela ondoezik sentitu ondoren. ELAk babesa eta elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta gertukoei, eta laneko ezbeharren kopuruak gora egin duela salatu du.

Aurten 55 pertsona hil dira lan-istripuz Hego Euskal Herrian, horietatik 12 Gipuzkoan. ELAk salatu du patronalak oraindik indarrean dauden lan-erreformez baliatzen jarraitzen duela langileen segurtasunaren kontura etekinak handitzeko. “Estatistika ofizialetan onartzen ez bada ere, laneko prekaritatearen hedapenak eragin berezia du arrazoi ez-traumatikoengatik (istripu kardiobaskularrak, bihotzekoak...) urtero lanean hiltzen diren pertsonen kopuruan”

Egoera horren aurrean, ELAk berretsi du beharrezkoa dela enpresetan eta lantokietan antolatzea laneko ezbehar tasa desagerrarazteko.