Donostiako hondartzetako sorosleak aldikako finkoak dira eta subrogazio eskubidea dute

2021/01/12
Donostiako hondartzetako sorospen zerbitzuko langileei finkotasuna aitortu zaie ELAk irabazitako epai baten bidez, eta BPXPORT XXI S.L.U enpresa kondenatu da joan den denboraldian kaleratutako lau sorosleak indemnizatu edo berriro onartzera. Gainera, epaiak zerbitzuko langileen hitzarmen aplikagarria zein den ebazten du.

Donostiako hondartzen sorospen zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzeko eta hobetzeko hiru urteko borrokaren ondoren, borrokaren lehen lerroan kokaturiko sorosleetako lau kaleratu zituen BPXPORT enpresak joan den udan. Kaleratzeak salatzeko, ELAk hainbat mobilizazio deitu zituen eta gatazkari argi apur bat eman dion bide juridikoari ekin zion. Langile horiek, beren lankideek bezalaxe, hainbat denboraldi zeramatzaten (10 urterarte) sorosle gisa lanean aldi baterako kontratuekin, enpresak euren kontratuen finkotasuna onartu gabe.

Honetaz gain, Donostiako Udalak oraindik ere ez du bete duela bi urte baino gehiago hartutako konpromisoa: zerbitzu horretako langileen subrogazioa pleguetan sartzea. Finkotasuna aitortu gabe eta subrogazio eskubiderik gabe, sorosleek lanpostua galtzeko arriskua dute denboraldi bakoitzean, Donostiako hondartzetako sorospen zerbitzuak zerbitzuko beteranoak galtzeko arriskua duen bezalaxe, horiek izanik zerbitzuaren funtzionamendu egokirako bermerik handiena enpresa esleipendunetik harago.

Duela gutxi, lau sorosleen kaleratzeen epaiak eman dira. Kasu guztietan, epaileek langileei aldizkako langile finko izaera onartzen diete eta kaleratzeak bidegabetzat jotzen dituzte. Hori dela eta, BPXPORT enpresa lau langileen indemnizazioak ordaintzera edo berriro onartzera kondenatzen dute. Era berean, lehen aldiz, Kirol Instalazioen eta Gimnasioen Estatuko Hitzarmena onartu da hondartzetako sorospen zerbitzuko hitzarmen aplikagarri gisa. Honen bitartez, langileei subrogatuak izateko eskubidea aitortzen zaie, epaiekin bat eginez, eta azken hiru denboraldietan aldarrikatutakoaren ildo beretik.

ELAk Donostiako Udalari eskatzen dio datorren hondartza denboraldia hasi baino lehen, pleguetan sar dezala hondartzetako sorospen zerbitzuko langileen subrogazioa. ELAren ustez, sorosleek euren lanpostuei eusteko duten eskubidea ziurtatu eta, bide batez, zerbitzuaren funtzionamendu optimoa bermatzeko modu bakarra da.