Donostiako Udaleko garbitzaileak grebara joango dira urriaren 26an

2022/10/19
Donostiako Udaleko eraikinak garbitzeaz arduratzen den FCC Medioambiente enpresako langileek greba egingo dute urriaren 26an, ELA, ESK eta CCOO sindikatuek deituta. Azpikontratatutako enpresaren langileek udalari eskatu diote bertan behera utz ditzala abuztuan argitaratutako azken pleguak -zerbitzua astean ia 300 orduz murriztuko ditu-, eta partida ekonomikoa handitzea soldata arrakala ezabatzeko eta KPI bermatzeko. Urtebete baino gehiago da langileek beren aldarrikapenak udalari helarazi zizkiotela, udalak pleguetan txerta zitzan. Hala ere, haien eskaerei erantzun beharrean, Udalak zerbitzua murriztu du.

“Haurtzaindegietako zoruak hiru egunean behin baino ez ditugu garbituko? Hori al da kalitatezko zerbitzua ematea, hori al da sektorea duintzea? Nola da posible 2021ean ia 92 milioi euroko irabaziak izan zituen enpresa batek soldatak izoztea planteatzea?”

Langileek salatu dute udalak sektore feminizatuak erabiltzra bere irudia zuritzeko.

“Beste behin, gobernu taldea Martxoaren 8ko txapa morea jartzeaz baino ez da arduratuko.
Guk ez dugu propagandarik behar, baizik eta benetako politikak sektore feminizatuen prekarizazioarekin eta soldata arrakalarekin amaitzeko, behingoz benetako berdintasuna lortzeko”, azpimarratu dute.