Donostiako udalak ez du bete hondartzetako sorosleekin sinatutako akordioa

2019/05/24
Donostiako udalak ez du 2018ko abuztuan sorosleen grebari amaiera eman zion akordioan sinatutakoa bete nahi. Bertan, udaleko ordezkariek sorosleen lan baldintzak hobetzeko beharrezko baliabideak pliegotan ezartzeko konpromisoa hartu zuten, baita pliego berrietan derrigorrezko subrogazioa erregulatzeko konpromisoa ere. ELAri oso larria iruditzen zaio Donostiako udalaren jarrera sorosleekiko, abuztuan lortutako akordioari bizkarra emanez.

Derrigorrezko subrogazioa akordioa lortzeko nahitaezko baldintza bezala ezarri zuen ELAk, sorosleen lan baldintzak bermatzeko nahitaezkoa zelako hori, langileei aldizkako kontratu finkoa izateko eskubidea aitortzearekin batera. Bada, orain, Donostiako udalak, berak sinatutakoari muzin eginez, ez du puntu hau pliegoetan sartu. Honela, langile beteranoen jarraikortasuna eta antzinatasunaren aitortza zalantzan jartzen da, beste udalerri batzuetan gertatu ez den bezala. Izan ere, Zumaian, Orion eta gainontzeko udalerrietan udalek akordioa bere osotasunean bermatu dute. Donostiako udala izan da derrigorrezko subrogazioa pliegoetan barneratu ez duen bakarra.

Ezin dugu ahaztu akordio hau nola lortu zen. Hiru eguneko grebaren ondoren, eta Gurutze Gorriaren eta udalen jarrera ikusirik, abuztuak 15erako greba mugagabea iragarri zuten sorosleek. Azkenik, udalaren sinadura eta konpromisoa medio greba mugagabea bertan behera utzi zuten.

Gauzak horrela, langileek argi dute ez dutela beste alde batera begiratuko, eta ELAren babespean, egin beharrezko guztia egingo dutela, bai arlo juridikoan baita sindikalean ere.

Erlazionatutako albisteak