DONOSTIAKO OSPITALEKO PARKINGA

ELA mobilizatu da aparkaleku publiko falta dela eta irtenbidea eskatzeko

2025/02/07
Donostiako Ospitaleko langileek kontzentrazioa egin dute, eraikin berriko obren ondorioz plantillarentzako aparkalekuak kendu dituztela eta aparkaleku pribatuan plaza kopurua murriztu dela salatzeko. ELAk adierazi du egungo plaza kopurua ez dela nahikoa Ospitalearen beharrei erantzuteko, eta profesionalentzako zein erabiltzaileentzako aparkalekua bermatuko duen irtenbide bat aldarrikatu du.

ELAk azpimarratu du egoera horrek ezinegona eta antsietatea sortzen ari dela pazienteen artean. Azaldu duenez, 8:00etan kontsultara edo lanera joan behar dutenek 6:30etik 7:00etara autoa aparkatu behar izaten dute beren plaza bermatu ahal izateko. Ospitalera joaten diren pertsona askori ez zaie aldez aurretik jakinarazi egora, eta ezin izan dute hitzordura joan, kontsulta ere galdu dute batzuek.

Gainera, otsailaren 5etik Anoetatik Illunberako sarrera itxita dago, baita Illunbetik ospitalera daraman espaloia ere, eta, beraz, orain errepidetik oinez igo behar da.

ELAk irtenbide bat jartzea ezinbestekoa dela azpimarratu du, eta horretarako hainbat bide proposatu ditu:

  • Garraio publikoa indartzea eta langileen sarreretan eta irteeretan maiztasunak areagotzea (bai DBUS, bai Lurraldebus).
  • Autobus-geltokia Illunben jartzea
  • Illunbeko argiteria eta segurtasuna hobetzea.
  • Mugikortasun urriko erabiltzaileentzako eta langileentzako aparkalekuak erreserbatzea, irisgarritasuna bermatzeko.
  • Langileen sarrerekin eta irteerekin malgutasuna izatea