ELAk 19 orduko etengabeko lanaldi ankerrak salatu ditu Donostiako Metroko lanetan

Donostiako METROko MIRACONCHA-EASO tarteko lanetan diharduten langile gehienak 12 orduko bi txandatan aritzen dira, gutxienez, astelehenetik ostiralera (07:00etatik 19:00ak arte eta 19:00etatik 07:00ak arte); ostiraleko bigarren txandakoak izan ezik, horiek ostiraleko 19:00etatik larunbateko 14:00ak arte aritzen dira, 19 orduz gogor lan eginda.
|
LEHEN TXANDA |
BIGARREN TXANDA |
ASTELEHENA |
07:00 - 19:00 |
19:00 - 07:00 |
ASTEARTEA |
07:00 - 19:00 |
19:00 - 07:00 |
ASTEAZKENA |
07:00 - 19:00 |
19:00 - 07:00 |
OSTEGUNA |
07:00 - 19:00 |
19:00 - 07:00 |
OSTIRALA |
07:00 - 19:00 |
Ostiraleko 19:00etatik larunbateko 14:00ak arte |
LARUNBATA |
ATSEDENA |
|
IGANDEA |
ATSEDENA |
ATSEDENA |
Oraingo lanaldia Metroko Miraconcha-Easo tarteko lanetan.
Aipaturiko langileek Madrilen egoitza duen CAVOSA OBRAS Y PROYECTOS, S.A. enpresarentzat lan egiten dute. Enpresa horrek ez du errespetatzen 1562/1995 EDaren 29 artikuluan ezarritakoa (lurrazpiko lanak) "lanaldi bereziak", ezta Eraikuntzaren Gipuzkoako Hitzarmenaren 30 artikuluan ezarritakoa ere "Lan bereziki nekagarri, toxiko edo arriskutsuak". Indarrean dauden lege-xedapenak gordez gero, Donostiako METROko obrako langileek ez lukete gainditu behar sei orduko eguneroko lanaldia, baina tamalez legez ezarritako muga hori sobera bikoizten dute, eta zenbait egunetan horrelako lurrazpiko lanetarako baimenduta dagoen gehienezko lanaldia hiru aldiz gainditzen dute.
ELAk aspaldi salatu izan ditu Lan Ikuskaritzan legez kontrako lanaldi luzeegiak, lan-erritmo azkarregiak eta lan eta segurtasun arauen ez-betetzeak. Arau hauek indarrean badaude ere, ez dira betetzen, eta hori onartezina da. Horixe da, hain zuzen, sektore horretako lan-ezbeharren tasa handien arrazoietako bat.
Gezurra dirudi Eusko Jaurlaritzak sustaturiko obra batean horrelako lan-baldintza gizagabeak izatea. Horregatik, ELAtik Lan Ikuskaritza premiatzen dugu arazo horretan esku hartzera, eta langileekin egiten ari diren gehiegikeria larri horiek behingoz onbideratzera.
Donostiako hondartza ederren azpian badira zulo beltzak. Goian komedia barregarriak, eta behean drama izugarriak. Izan ere, filma bat grabatzen ari dira Donostiako irudia mundu osora zabaltzeko, baina ez irudi osoa: 30 metrora, lur azpian, oso bestelako "irudia" aurkitu daiteke… A ze nolako irudia!