ELAk Donostiako Udalak erizainei plaza bat eskainiz erakutsi duen "oportunismoa eta hipokrisia" salatu ditu

2020/09/24
Sindikatuaren arabera, Goia alkatearen propaganda ekimenak osasun arloko langileen baldintza eskasak ezkutatu nahi ditu eta herritarren zerbitzura dauden gainerako taldeak ahaztu ditu.

Sindikatuak azpimarratu duenez, erizainek eta sektoreko gainerako langileek, sanitarioek zein ez-sanitarioek, "ez dute eduki hutseko omenaldirik behar, propaganda-ekintza bat besterik ez baitira". Aitzitik, benetan behar dituztenak beren lana garatzeko eta herritarrei kalitatezko osasun-laguntza eskaintzeko giza baliabideak eta baliabide materialak dira.

Izan ere, ELAk dioen bezala, koronabirusak agerian utzi du osasun publiko sendoa izatearen garrantzia, eta, aldi berean, azken urteetan ezarritako murrizketen ondorioak eta langileen lan-baldintza eskasak azaleratu dira. "Gure osasunak pandemiari aurre egin badio, langileen inplikazioari eta ahaleginari esker izan da, eta osasun sistema desegiteak kalte egin dio erantzun horri", gaineratu du.

Gauzak horrela, sindikatuak uste du horrelako ekintzek "ezkutatu eta desbideratu" nahi dutela "benetan garrantzitsuak diren gaiei buruzko eztabaida: pandemiaren unerik txarrenetan langileek izan duten babes-baliabide falta; osasun publikoan inbertsiorik eza; langileen behin-behinekotasun tasa handiak; lanaren gainkarga sistematikoa; plantillak indartu eta handitzeko beharra; azken urteetan aplikatutako murrizketak; pribatizazioa… Arazo larri horiei aurre egitea eta horiek konpontzea izan behar da politikarien benetako lana, hori da benetako aitortza”.

ELAk azpimarratu du, gainera, osasun-zerbitzua ez dutela erizainek soilik osatzen, baita kategoria desberdinetako langileek ere. Zentzu horretan, gogora ekarri du ez dagoela osasun-zerbitzua eskaintzerik garbiketako langileek ebakuntza-gela bat higienizatzen ez badute, edo mantentze-lanetako langileek hornidura elektrikoa bermatzen ez badute. Horregatik deitoratzen du kolektibo bakar baten aitorpenak gainerakoen lanari garrantzia kentzea. Azkenik, salatu du atzo erizainen kolektiboko pertsona guztiak ere ez zeudela ordezkatuta. “Plaka bat eman zitzaion Erizaintzako Sindikatuari, eta hori ez da langile horien ordezkari bakarra”, laburbildu dute.